Balio handiko puntua eskuratu dau Athleticek Gironaren zelaian. Ernesto Valverderen taldeak aukera ugari euki ebazan lehenengo zatian aurkariaren atea zulatzeko baina, Guruzetak, De Marcosek eta Sancetek ez eben asmau Gazanigaren aurrean. Bigarren zatian, etxeko taldeak erasoari ekin eutson garaipenaren golaren bila eta bere helburua bete eban Tsygankovek seigarren minutuan sareetara bialdu ebalako baloia.
Gironaren golak min egin eutson talde zuri-gorriari. Halanda be, Ernesto Valverderen gizonek ez eben amore emon eta Iñaki Williamsek bardinketaren gola sartu eban kontraeraso baten bigarren zatiaren 23.minutuan. Lekuek hasi eban jokaldia baloia Oihan Sanceti emoteko. Aurrelari nafarrak sakonean jokatu eban Iñaki Williamsegaz eta honek sareetara bidali eban baloia ezker oinagaz jaurtita, atzelari bi atzean itxi ostean. Williams anaia zaharrak denporaldi honetan sartu dauen seigarren gola izan zan atzokoa. Bitxia bada be, Nico Williams izan zan Athleticeko jokalari arriskutsuena atzoko partiduan baina gola zelaiaren beste aldetik iritsi zan, bere anaiak sartuta.
Hogei minutu baino geratzen ziran jokatzeko eta talde biek garaipenaren aldeko apostua egin baeben be, ez zan gol gehiago izan Montilivi zelaian. Lortutako puntua ona dala esan daiteke. Izan be, Gironak etxean jokatu dituen partidu guztiak irabazi ditu, Real Madriden kontra galdu ebana kenduta. Hori bai, Athleticek aukera ederra galdu eban liderrari irabazteko bere zelaian. Ernesto Valverderen taldea nagusi izan zan lehenengo zatian eta nagusitasun horrek gol aukera ugari ekarri ebazan. Dozena erdi inguru hain zuzen. Aukerek, baina, ez dabe punturik emoten eta aurrelari zuri-gorriak ez ziran fin ibili aurkariaren ate aurrean. Beste era batera esateko, zuri-gorrien nagusitasunak ez eban islarik izan markagailuan. Bigarren zatian gauzak aldatu egin ziran, etxeko taldeak aurrepausu bat emon eban-eta garaipenaren bila. Gironaren golaren ostean (zuri-gorrien atzealdea ez zan bape fin ibili jokaldi horretan), Athletic ezinean ebilenean etorri zan Iñaki Williamsen bardinketaren gola. Irabaztetik zein galtzetik hurre egon ostean, pozik geratu gaitekez lortutako puntuagaz. Hori bai, futbolaren idatzi bako legeak dinoan lez, Montilivin lortutako puntuari balioa emoteko, irabazi egin behar da datorren zapatuan Rayo Vallecanoren aurka San Mamesen.