Athleticek denboraldiko lehen partidua bardindu dau, Getaferen aurka San Mamesen (1-1). Dana dala, emaitza ez da positiboa zuri-gorrientzat. Izan be, egoera gatxa bizitzen dabilen taldea da madrildarra. Ligak kluben egoera ekonomikoa kontrolpean eukiteko ezarritako araudia dala eta, jokalariak fitxatzeko eta inskribiduteko arazoak ditu. Horregaitik, ligako debutean ikusitakoa ez da pozik egoteko modukoa zuri-gorrientzat.
Ernesto Valverdek Beñat Prados eta Mikel Vesgaren aldeko apustua egin dau hasierako hamaikakoaren zelai erdian, Ander Herrera ordezkoen aulkian itxita. Lehen zatia ez da gogoratzen dan ikusgarriena izan. Talde bien artean erremate bakarra egin dabe hiru zutoinen artean. Halanda be, sari potoloa euki dau Oihan Sancetek 27. minutuan egindako jaurtiketak. Jokalari nafarrak Athletic aurretik ipini dau markagailuan, areatik kanpo egindako jaurtiketa polit baten bidez.
Atsedenaldira galtzen joan eta gero, Getafe erasora urten da bigarren zatian. Peter Federicok zutoinera bialdu dau baloia eta, ostean, Alex Padillak sekulako geldiketa egin deutso Carles Aleñari. Azkenean, jarraian eukitako hirugarrean aukeran, Chrisantus Uchek markagailua bardindu dau korner batean. Golaren ostean, Getafe atzean sartu da eta ez dau gol aukera gehiagorik sortu. Nico Williams zelairatu eta gero, Athleticek aukeraren bat euki dau, baina ez dau garaipenaren gola lortu. Azkenengo minutuan zuri-gorriek penaltia eskatu dabe, Unai Gomezek jasotako ostikada baten ostean.
Bartzelonara osterea
Getaferen kontra etxean bana bardindu eta gero, Athletic Montjuicen izango da ligako bigarren jardunaldian. Zuri-gorriek Bartzelonaren kontra jokatuko dabe hurrengo asteko zapatuan, abuztuak 24, arratsaldeko zazpiretan. Baleiteke, Julen Agirrezabala jokatzeko moduan egotea.