
Athleticek bizirik urten dau Vila-realen aurkako partidutik eta La Ceramican lortutako puntuari esker eutsi egiten deutso laugarren posturako lehian dituen aurkari biekiko aldeari. Ganera, zuri-gorriek San Mamesen jokatutako partiduan 2-0 nagusitu zirala kontuan izanda, liga amaieran bardinketea egon ezkero gol-average dalakoa bilbotarren aldekoa da. Horixe da Vila-real Athletic partidurik atara daiteken ondoriorik positiboena. Izan be, jokoari jagokonez, Valverderen ekipoa oso makal ibili da, erasoko jokoa sortzeko orduan eta lehenengo zatian batez be. Beraz, minutu askotan talde zuri-gorria menderatuta egon dala kontuan hartuta, ontzat emon behar da, ezelango zalantza barik ganera, La Ceramica estadioan lortutako puntua. Yuri Berchichek izandako lesinoa da partiduak itxi deuskun albisterik txarrena. Zarautzatarrak zelaia itxi egin behar izan eban eta seguruenik ezingo dau jokatu datorren eguenean Rangersen aurka Europako Ligako partiduan. Zorionez, Valverdek esan dau ondobidean Galarreta eta Yeray prest egongo dirala eguenean jokatzeko Eskozian.
Puntu bat gehiago eta jardunaldi bat gitxiago esan eban Valverdek Leganesen aurka San Mamesen bardindu ostean. Aurreko jardunaldian be, Athleticek ezin izan eban garaipena lortu Osasunaren aurka Katedralean baina orduan argi ikusi genduan zuri-gorriek puntu bat irabazi baino, bi galdu ebezala. Vila-realen, barriz, Valverderen taldeak lortutako puntuak urrearen balioa dauka, aurkaria gehiago izan zalako eta zuri-gorriek maila eskasa emon dabelako.
Partiduak garrantzi handia eukan lehiakide bientzat sailkapeneko laugarren postua eskuratu eta datorren denporaldian Txapeldunen Ligea jokatzeko borrokan. Beharbada, garrantzi gehiago eukan Marcelino Garcia Toralek zuzentzen dauen taldearentzat. Alde batetik, atzetik dagoalako sailkapenean eta bestetik etxean jokatzen ebalako. Vila-realen puntu premia hori igarri egin zan partiduaren lehen minutuetan. Izan be, horiek ito egin dabe aurkaria eta Unai Simonen atea bilatu dabe hasiera hasieratik. Bitartean, Valverderen gizonak ez ziran kapaz jokaldi bat josteko eta baloia berreskuratu ahala galdu egiten eben. Athleticek oso maila eskasa emon dau partiduaren lehenengo ordu erdian.
Apurka apurka, zuri-gorriek ganetik kendu eben aurkariak ordura arte erakutsitako erabateko nagusitasuna eta aukera garbi bat euki dabe markagailuan aurrea hartzeko baina Iñaki Williams ez da fin ibili bere anaiak ezkerretik egindako erdiraketea errematatzeko orduan.
Gauzak ez dira askorik aldatu bigarren zatian baina etxeko taldearen nagusitasuna indarra galtzen joan da minutuek aurrera egin ahala. Valverdek Sancet eta Berenguer zelairatu dauz azken ordu erdirako baina halan da guzti be zuri-gorrien erasoko jokoak ez dau hobekuntzarik izan. Marcelinok be bere taldearen erasoko jokoa bizitu gura izan dau Gerard eta Jeremy Pino zelairatuta. Egia esateko, bigarren zatian ez da gauza handirik gertatu, partiduko epaileak Gueye egotzi dauen arte Maroan Sannadiri sarrera ikaragarri gogorra egin izanagaitik. Athleticek hamarren aurka jokatu dauz azken hamabost minutuak baina ez da golik sartzeko gauza izan. Esandakoa, puntu bat eta pozik etxera.