Puntu ona derbi txar baten (0-0)

Athleticek gelditu egin dau Manchester Uniteden aurka galdu izanak eragindako odol-isuria Anoetan bapezna bardinduta
Beñat Prados eta Mikel Oiarzabal Reala eta Athleticen arteko derbian Anoetan / Athletic Club

Jardunaldi bat gitxiago geratzen da liga txapelketea amaitzeko eta Athleticek eutsi egiten deutso sailkapeneko laugarren postuari, atzetik datozen Vila-real eta Betisekiko aldea txikitu egin bada be. Lau jardunaldiren faltan hiru puntuko aldea kentzen deutso talde zuri-gorriak urpekontzi horiari eta laukoa Pellegriniren taldeari, kasu bietan gol average dalakoa zuri-gorrien aldeko dala ahaztu barik. Ontzat emon behar dogu Donostian lortutako puntua, talde zuri-gorria nondik etorren kontutan hartuta eta Realaren zelaian zeozer eskuratzea beti gatxa dala ahaztu barik. Azken urteotako emaitzak ikustea  besterik ez dago. Eta beste kontu bat. Edozein balorazino egiteko orduan, merezi dauen garrantzia emon behar jako Athleticek bere plantilako gizon bi onenak barik jokatu izanari, Sancet eta Nico Williams lesionaturik dagoz-eta.

Aspaldiko euskal derbirik aspergarriena jokatu dabe Athleticek eta Realak Anoetan. Ernesto Valverdek zazpi aldaketa egin ditu hasierako hamaikakoan, aurreko eguenean Manchester Uniteden aurkako Europako Ligako partiduan kolpe gogorra jaso ondoren. Lehen zatia aspergarria baino aspegarria izan da. Athletic sendo egoan defenditzeko orduan baina gauza gitxi eginda erasoan. Guruzetaren jaurtiketa bat izan da zuri-gorrien gol aukera bakarra lehen zati osoan. Halanda be, aurkariak be ez deutso lan handirik emon Unai Simoni. Atsedenaldian markagailuak erakusten eban bapeznako bardinketak ondo baino hobeto erakusten eban lehen zatian zelaian gertatutakoa. Borroka handia baloi guztietan baina argitasun barik aurkariaren ate aurrean.

Valverdek hiru aldaketa egin dauz azken ordu erdirako: zelai erdiko gizon bat, Jauregizar, eta aurrelari bi, Sannadi eta Djalo. Edozelan be, aldaketek ezer gitxi aldatu dabe zuri-gorrien jokoan. Berenguer eta Andoni Gorosabel izan dira Valverderen taldeko gizon onenak erasoan. Atzealdeko egitureari jagokonez, Vivian ez deutso arnasa hartzen be itxi Mikel Oiarzabali. Imanol Alguacil be ahalegindu zan arbolea astintzen baina arrakasta barik. Zorionez, zuri-urdinek ez dabez baliatu zuri-gorriek area ertzean egindako hiru-lau opari. Unai Simonek desbideratutako Brais Mendezen burukada bat izan da etxeko taldearen aukera bakarra bigarren zatian.

Kontuak kontu, azken emaitzak ederto erakusten dau zelaian gertatutakoa. Borroka asko eta joko gitxi. Anoetan lortutako puntua oso garrantzitsua izango datorren domekan Athleticek hirurak eskuratzen badauz Alavesen aurka. Berenguerrek eta Gorosabelek ezingo dabe jokatu arabarren aurka partidu bateko zigorra bete behar dabelako atzo denporaldiko bosgarren txartela ikusi ostean.

Valverdek eta bere laguntzaileek ondo baino hobeto aztertu beharko dabe zelan kudeatu aste honetan Athleticek jokatuko dituen partidu biak. Baldintza normaletan, San Mamesen emaitza on bat lortu izan baleu, Athleticek bere hamaikako indartsuenagaz urtengo leuke Manchesterren zelaian. 0-3 galdu eta finalerako sailkatzeko aukerak oso urriak izanda -benetako miraria izango litzateke Manchester United kanporatzea- ez litzateke harritzekoa izango garrantzi gehiago emotea Alavesen aurkako datorren domekako partiduari. Izan be, derbia irabaztea ezinbestekoa da sailkapeneko laugarren postua sendotu eta indartsu segidutea datorren denporaldian Txapeldunen ligan jokatzeko sailkapena eskuratzeko lehian.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00