Galerna belaontzien alkarteak, Bermeoko Udalagaz batera, hainbat ekitaldi antolatu dauz

1912ko galarrenan hildako 143 arrantzaleak omenduko dabez Bermeon

Aingeru Astui: “Gehiago ala gitxiago, baina danek daukie memorian 1912an gertautakoa”

Beste urte batez, bermeotarrek 1912ko galarrenan Matxitxako lurmuturretik 45 miliara arrantzan ebilzela hil ziran 143 euskal arrantzaleak omenduko dabez. Enbatak ezustean harrapau ebazan arrantzan. 143 arrantzale hil ziran, gehin-gehienak Bermeokoak, 116. Ganerakoak Lekeitio, Elantxobe eta Ondarroakoak. Aingeru Astui bermeotarrak Lau Haizetara irratsaioan kontau deuskunez, galarrenak ondorio batzuk ekarri ebazan. Besteak beste, komunikazino sistemak hobetu ziran portuen artean, estazino metereologikoen artean. Portuak eurak be hobetu ziran eta arrantzaleen formazinoa be hobetu zan. Ondorio honeek gitxi-gitxika etorri zirala zehaztu deusku Astuik.

Bermeon gogoan eukiten dabe 1912ko enbata. Aurten be bai. 112 urte betetzen diranean, Bermeoko herriak omenaldi txiki bat egingo deutse gaur iluntzean arrantzale horreei guztiei eta euren familiei. Galerna belaontzi alkarteak, Bermeoko Udalagaz alkarlanean, hainbat ekitaldi prestau dauz. Hasteko, 19:30ean, kontzertu akustikoa izango da, eta ordubete geroago, itsasontzietara jaitsiko dira. Gaueko 21:00ak aldera prozesinoari hasierea emongo deutse Olatu kaian, Kankinkabara txistu taldeagaz batera. Jarraian, kandelak banatuko dabez eta azkenik, lore eskaintzea egingo da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00