
Maribi Ugarteburu amorotoarrak baserrietako emakumeen borrokak eta bizipenak bildu dauz Erein, borrokatu, bizi liburuan. Bertan jatorri, belaunaldi eta bizipen desbardinak daukiezan hamar emakumeren ganekoak kontetan dira. Baserritarren mugimenduan eta sindikalgintzan bizi izandakoen barri emoten dabe, besteak beste. EHNE Bizkaia sindikatuaren ekimena izan da lan hau, eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak babestu dau.
Libe Plaza (Lekeitio), Arantza Arrien (Aulesti), Maritxu Telleria (Oñati), Mariasun Borde (Ugao), Maite Aristegi (Bergara), Glori Dehesa (Karrantza), Helen Groome (Ingalaterra), Malu Egiluz (Zeanuri), Amets Ladislao (Algorta) eta Alazne Intxausperen (Andoain) bizipenak batu dauz Ugarteburuk. “Mimoz eta harrotasunez egindako lanaren eta borrokaren lekuko” dira egilearen esanetan. Liburuan azaltzen dan Libe Plazak azpimarratu dau emakumeak beti izan dirala militante isilak, askotan aitortzarik eta aitamenik barik. Euren gain hartu izan dabez bai etxeko lanak, bai baserrikoak, eta borroka handia egin behar izan dabe emakume baserritarren lana aitortua izan daiten.
Erein, borrokatu, bizi liburua bagilaren 27an aurkeztu zan Artean. Liburua ez dago salgai, baina laster doan deskargatzeko moduan egongo da EHNE Bizkaia-ren webgunean. Ganera, aurkezpen gehiago egiteko asmoa daukie, besteak beste, Lekeitioko Emakumee Etxean, Aulestin eta Zestoako Amillubi proiektuan.