Dendaostetik plazara lan barria kaleratu dabe Javier Arrieta, Kaiet Bengoetxea, Antxon Uskola eta Pilar Arrieta ondarrutarrek. Zortzi kontakizunez osatutako liburua da, tokiko komertzioa eta ostalaritza bultzatzeko helburuagaz. Bizkaidendak, Bizkaiko dendari, ostalari eta zerbitzu-enpresetako federazinoaren eskutik dator proiektua, Ondarroako Zatozte dendarien eta ostalarien alkartearen proposamena onartu ostean. Proiektua Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailak finantziau dau.
Tokiko komertzioa eta ostalaritza bultzatzeko proiekturen bat egiteko ideia, Ondarroako eta Lekeitioko dra! dendetako Esteban Markuerkiaga ondarrutarrarena izan zan. Egileakaz bildu eta haien baiezkoa jaso ondoren, proiektuan sartu ziran buru belarri. Javier Arrietak lehenengo zazpi kontakizunak idatzi dauz, eta bere arreba Pilarrek zortzigarrena. Kaiet Bengoetxeak 1, 3, 5 eta 7. kontakizunetako marrazkiak egin dauz, eta antxon Uskolak 2, 4, 6 eta 8. kontakizunetakoak. Liburuaren azala marrakilari biek sortu dabe.
Kontakizunetan jorratutako gaien artean ekonomia zirkularra, digitalizazinoa, alkartasuna, lan-baldintzak, ekintzailetzea, inmigranteen ekarpena, bertatik bertarako ekonomia eta zeliakoen egoera aurkitu daitekez. Javier Arrietak Lau Haizetara irratsaioan azaldu deuskunez, han-hemenka, tarteka, Euskal Herriko historiari, kultureari, arteari, kirolari eta mitologiari be begiratu deutse. Kontakizunetan, modu batera edo bestera, posible da Txomin Agirre, Unamuno, Pio Baroja, Oteiza eta beste hainbat euskal musikari aurkitzea. Baita Anbotoko Mari bera be. Ildo beretik, sarritan iraganak eta orainak bat egin dabe, etorkizunera begiratzeko beti. Holan agertzen dira balearen arrantza, artzain euskaldunak, baserriko bizimodua, neska futbolariak, zesta-puntaren historiari lotutako kontuak, euskal komunitarismoa…
Liburua quebektar ereduari jarraituz egin dabe. Hau da, alde batetik, euskaraz, eta bestetik, gaztelaniaz. Guztira 1.000 ale kaleratu dabez. Ondarroako Zatozte, Markina-Xemeingo Hemen be Bai eta Lekeitioko Kitto alkarteak arduratuko dira Gabonetatik aurrera aleak debalde banatzeaz interesa daukien pertsonen eta erakundeen artean.