Eider Saez abeslariak sei abestiko EPa kaleratu dau: Loratzen (2023, Airaka). Musikari lazkaotarrak Nogen taldeagaz emon ebazan lehenengo pausoak, baina lau urteren ostean, 2021eko urte amaieran taldea iztea erabagi eban. Urtebete geroago, 2022ko zemendian baina, Eiderrek bueltan zala musikan iragarri eban.
Eiderrek azaldu deuskunez, Nogen taldea iztea asko kostau jakon, ez zan erabagi erraza izan. “Krisi moduko bat izan neban eta ikusi neban behar nebala denporea lasai egoteko, niretzako eta nire lagunakaz ibilteko, mendira joateko, familiagaz egoteko… ikusi neban ez zala nire tokia. Uste dot erabagi zuzena izan dala, bai niretzat eta baita taldearentzat be”.
Orain Eider Saezek proiektu barria dakar, bakarka. Loratzen (2023, Airaka) oso modu naturalean sortu dan lana dala esan deusku abeslariak. Helburua, disko honegaz bere bizitzako azken urteak irudikatzea izan da. Loratze prozesu bat lez ulertzen dau Eiderrek nerabezarotik gaztarora edo heldutasunera igarotzeko urteetan norberarengan emoten dan eraldaketea. EP-eko sei abestiek Eiderrek bere burua aurkitzeko bidean bizitako esperientziak, emozinoak, bizipenak eta pertzepzinoak jorratzen dabez.
Kaleratu barri dauan Loratzen (2023, Airaka) EParen lehenengo aurkezpen fetxak dagoeneko iragarrita dagoz. Lehenengo zuzenekoa Bilboko Kafe Antzokian izango da (apirilaren 20an), eta ondoren Donostin eta Lazkaon be izango da Eider.