UPV/EHUko ikerketa batek Ekuadorreko bloke bitatik ataratako petrolioaren eraginak aztertu dauz. Atara diran ondorioen artean, diru sarreren %21 bakarrik geratzen dala bertan. Ortzi Akizu Life Cycle Thinking taldeko ikertzaileak azaldu deuskunez euro batetik, 80 zentimo ipar globalera doaz, eta horrek desoreka handia erakusten dau petrolioaren ustiapenarengandik ataratako etekinaren inguruan. Ganera, ingurumen inpaktuen %19,6 Amazoniak sufriduten dau.
Inpaktu itzela talde indigenetan
Yasuni Parke Nazionaleko ustiapenek tokiko talde indigenengan daben inpaktu soziala be aztertu dau ikerketak. Waorani etniako taldeen buruzagiekin alkartu dira eta zenbait kultura-eraldaketa antzeman dabez. Besteak beste, menpekotasun ekonomikoa eta zenbait ohituren galera. Bestalde, ondorioztatu dabe Amazonian petrolioa ustiatzeak alkoholismoaren agerpena eta genero-biolentziaren gorakadea ekarri dauala.
Ikerketeak ekarpena egin dau eraginak ezagutzeko lehen urrats horretan, baina Ortzi Akizuk azpimarratu dau pausu gehiago emon behar dirala. Esaterako, proposatzen dau gasolindegietan petrolioaren jatorria jartzen hastea.