Aldai-Mendizabal Binakakoan eta Arrillaga Lau t 'erdikoan, "Plazandreak" Txapelketako irabazleak

Zabaleta eta Gaminde gainditu dabez 22-21 eta Arrillaga, barriz, Larrarteri gailendu jako 18-13

Enara Gaminde: “Nire partetik ez nintzan %100ean egon”

Finala amaitu osteko argazkia / Emakume Master Cup

Amaia Aldaik eta Nora Mendizabalek irabazi dabe Plazandreak-eko hirugarren edizinoko Binakako Txapelketako finala, eta Miriam Arrillagak Lau t’erdikoa.

Lau pelotariak urduritasun handiekaz hasi dira Bilboko Esperantza pelotalekuan, eta partidan sartzeko arazo handiak euki dabez. Partiduan lehenengo aurreratu dira Aldai eta Mendizabal, 5-1, baina Zabaleta eta Gaminde gazteek seina bardintzea lortu dabe jarraian.

Bardinketaren ostean, gorriek aurrea hartu dabe barriro eta norgehiagoka ondo bideratuta izan dabe, baina hutsak bata bestearen atzetik egin dabez, aurkariei gauzak asko erraztuz. Halan be, Enara Gamindek, atzelaririk onenak, neurketan asko sufridu dau eskuetan dauzan arazoen ondorioz. Azken tantuetan oreka izugarria izan da. 19na, 20na eta 21na egin dabe, eta garaipena Amaia Aldai eta Nora Mendizabalentzat izan da.

Lau t’erdiko finalean, Miriam Arrillaga eta Miren Larrarte izan dira aurrez-aurre. Arrillagak jantzi dau txapela, finalean 18 eta 13 gailenduta. Partida gogorra izan da, eta Aginagako pelotaria aurretik izan momentu guztian markagailuan. Aldiz, Larrartek ez dau inoiz amore emon eta gaurkoan amaierara arte saiatu da egoerari buelta emoten. Holan, 12 eta 5etik 13 eta 10era hurbildu da aurrelaria.

Gaminde, familia pelotazalea

Enara Gaminde, laukiztarra, Bizkaia Irratiko mikrofonoetan egon da partiduari buruz berbetan. Gaminde, momentu honetan, Masterreko atzelaririk onena da eta esku pelotaren zaletasuna bere anaiari esker heldu zan. Entrenamenduak ikustera joaten zan eta bera be esku pilota praktikatzen hasi zan. 17 urte daukaz eta jada Laboral Kutxa Masterreko eta San Fermin Torneoko txapelduna izan da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular
w