Euskera Hobetzen: 'Hiru aste ba-direla' edo 'hiru aste direla'?

Euskera hobetzen tartea

Euskera Hobetzen: ‘Hiru aste ba-direla’ edo ‘hiru aste direla’?

Lagun biren arteko barriketaldi baten ostean, batak esaten deutso besteari: “Nahikoa dok konturik. Goiazan etxera”. Gaur gitxi entzuten dan esaldi modua: Nahikoa dok konturik! Zer dago egitura horren atzean?

Orain artean be inoiz puntu hau, zuzen edo zeharka, aitatu dogulakoa daukat.
Gaur mehatz entzuna dan esakerea, baina zorionez, berezko euskerearen jabe diranei darioen horretan igarri be barik behin edo behin urteten deutsiena. Oraintsu baten, lagun dodan Arratiako seme bati entzun izan deutsat, Jon Etxebarria Arantzazukoari hatan be, etxera joatorduan.
Honeexek dira egitura honen ezaugarria: esaldi hasieran asko da, nahikoa da edota beste kantitate-hitzen bat, izan aditzaren da adizkiaz batera, eta aditz lokuzino horren osagarritzat -ik partitibodun izena (IS). Egitura honen arabera eihoak dira honango esate-egiturak: Asko da berbarik, nahikoa da barriketarik eta halakoak, gaztelaniaz “Basta de” hasierako esaldien antz-antzekoak.
Egitura berau beste ordena honegaz be eregiten da: Konturik asko daukazue zuek. Penarik asko emoten deust hango deskalabruak. Umerik asko bizi dira munduan, zer jan ez daukiela. Klasikoetara bagoaz, ezagunak dira Mogelen pasarteok: “neu naz barberurik asko” (PAb), “izango dogu dibertiu eta gozatuteko lekurik asko” (Sermoiak), “zereginik asko daukela euren neke ta pobrezia igaroten” (Sermoiak), “ta neure familiakoakin daukat zereginik asko” (Sermoiak).
Kantitatea edo zenbatekoa adierazoten daben hitzak, gehiago be badira. Erdi dogu partitiboaz erabilienetariko bat. Gaur be bizi-bizi darabilguz honetarikoak: mundurik erdia, etxerik erdia, jenterik erdia, itsasorik erdia, lurrik erdia e.a. Gure klasiko ezagun baten, J. M. Zabalaren esaldiak dira honangoak: “Arakatuten dau mundurik erdia eta alanbere, irapazi on bat etaraten badau, pozik iragoten dituz izerdi eta neke andi guzti oneek“ (Bermeo), “biderik erdia eginik daukazue” (Irun).
Gitxi zenbatzaileaz be agiri da batzuetan -ik markadun sintagma. Partitibodun perpaus erlatibo honetan, berbarako: “Gitxi izan dira San Agustinek baino amodio geiago Jangoikoari izan deutsanik” (Mogel Konfesino).
Larregi eta gehiegi zenbatzaile konparatzaileak be ezagunak jakuz -ik partitibodun izenakaz batera. Halan Mogelenean: “Larregi daukat minik” (PAb)”.
Zenbatzaile ezaguna dogu gehien konparatzailea be, -ik partitiboaz ondo ekantzen dana: beharrik gehiena, ondasunik gehienak, etxerik gehienak. Mateo Zabalaren esaldi bategaz on eginda: “zerurako biderik geiena eginda daukazu” (Irun).
Eta akabu modura, gogoangarria dantza-kopla ezagun hau: “Bilbon barberurik asko, / endemas Barrenkallian. / Neu bere haraxe noia / buruen min dodanian”, Azkuek Arratian jasoa.

Esakuntza baten hitzak: “Joskilearen etxean, fraka zaharrak eta zulo barriak”. Esangurea garbi dago. 

Getxoko esaera lez irakurri dogu Armuru Mimenaga kultura alkartearen Facebook-eko idatzien artean (2022-05-31).
Mezua garbia da. Eta berorren idekoa da adierazkizunaren aldetik Mogelek aspaldi batu eban harakoa: Errementariaren etxean zotza burduntzi. Eta are ezagunagoa, euron baliokide dan gaztelaniazko beste hau: “En casa de herrero, cuchillo de palo”. Bigarren hori honezkero aitatua E.Hobetzen honetan (2020-10-22/2).
Jostunaren, joskilearen lanbidea agiri da errefrauetan behin baino sarriago mezu honen erakusle gisa. Halan: “Joskilean etzean erropa zaharra kakoan” (Garate Atsotitzak 8174).
Baina bestetariko lanbideak be erabili izan dira mezu beronen iragarle modura.
– Arotza, sartalde euskeran zurginari deritxo, eta ekialdean errementariari.
Arotza – aurkia – otzarea izenak irudi dituala batean, eta errementaria – zotza – burduntzia josten dituala bestean, honako errefrau bikotxa batu eban Azkuek Markinan aspaldi: “Arotzaren etxean otzarea aurki, errementariaren etxean zotza burduntzi (V-m), en casa del carpintero la cesta (sirve de) silla, en casa del herrero el palo (sirve de) asador” (Garate Atsotitz 1196).
Arotza eta zotzezko etxea konparagarri dituan beste hau be zaharretarikoa dogu: “Arotzaren etsea zotzez, / zotzez bere gaitxez. // La casa del carpintero, de palillos, / y los palillos tambien los peores” (RS 417).
Zurgina eta maiasturua deritxo ekialdean zura lantzen dauenari. Eta bide horretatikoak dira hurrengo biak. Batak zurgina darabil mintzagai: “Zurginaren etxean, eskaillera zaharrak” (Garate Atsotitzak 14427). Besteak maisturua: “Maisturiain etxean ardura itaxur” (Garate Atsotitzak 9325), hau da, sarri itogina.
– Arotza, Nafarroa eta ekialdean errementariari jakon izena, burdingintzan diharduana da. Eta handiko errefrauetan arotza eta zurezko giderra (kirtena) konparatzen dira maiz. Hara baten esana: “Arotza(re)n etxin zurezko kidarra” (Garate Atsotitz 1195).
– Zapataginak edo oskiginak be aitatzen dira beste batzuetan: “Zapatainak zapata zaharrak” (Garate Atsotitzak 13820). “Oskigilek oski zaharrak” (Garate Atsotizak 10949).
– Soinulari-dantzarien jarduerak be aitatzen dira: “Soinugilearen etxean, dantzaria erren” (Garate Atsotitzak 12126).
– Ira-ebateen jarduera latza aitatzen dau, Bitaño idazleak (Nikolas Alzola) Izurtzan edo Durango inguruan aspaldi baturiko errefrau batek, hurreko mezua dakarrena: “Ira-ebateak ganean eta igitairik ez”. Beste bertsino baten arabera: “Ira-ebateak ganean eta ira(ga)terik ez”, zelan etxera iraga edo igaro euki ez.
Ira, iraga, pelota-jokoan Atxondo partean asko erabili izan dan aditza dogu: pelotie ira: pelota atzetik altzau eta txapa gainera eroan aditzen. (Jesus Eguzki, Manu Ertzilla).
Hurreko mezuaren emoile dogu, baina ez beraren, Zeberio aldean aspaldi entzuna dogun beste esakera hau be: “Ogi handie ta merke saldu”. Bilbo Herri Irratian teknikari eta gero hizkuntza irakasle izan zan Ramon Etxebarriari sarri entzun izan neutsan. Negozio txarra egitearen kontura.
Beste lanbide gehiago be badira, berariaz lanbide zaharrak, mezu beronen adierazgarri diranak: egur-ebatea, aizkorea galtzea e.a.

Gaur eguneko kanta ezagun baten bertso batek dino: “Neska bat ezagutu nuen, hiru aste badirela”. Hiru aste ba-direla ala hiru aste direla? Ala beste moduren baten? 

Kantuz entzun nebazan hitzok, ez dakit baina, hitzez hitz halan diranentz. Baina gramatika-egitureari berehala erreparau neutsan, eta sarri egin ohi dan akats batez ohartu nintzan.
Noiz ezagutu dozun neskatila hori edo dana dalakoa aditzen emon gura badozu, era bat baino gehiago dira hori adierazoteko, jakina.
Esaldi nagusi baten bidez adierazo gura badozu zenbat denpora dan neskatila hori ezagutu dozunetik hona, formulatu geinke: Hiru aste dira, neskatila bat ezagutu nebaLA. Edo: … neskatila hori hemen egon zaLA. Euskaldunon berbakeran, gurean batez be, sarri joten dogu egitura honetara: Urte asko dira, alkar ikusten ez dogula.
Baina, kantuak dinoanaren haritik, mendeko perpaus bidez adierazo gura badozu, hau da, hiru aste dirala jazo zala alkar-ezagutze hori, era honetara formulatu geinke: Neska bat ezagutu neban, hiru aste diraLA. Esaldi-egitura honetara gitxiago joten dogu hiztunok, baina zuzena da berez. Edozelan be, Hegoaldeko hiztunok ez dogu erabilten hiru aste Ba-dirala. Denpora balioko mende-perpaus adberbial horri ez deutsagu ba- aurrizkirik eransten.
Aditz trinkoa darabilgunean mendeko esaldi adberbial baten, dala moduaren balioaz, dala denporearenaz, ba- aurrizki barik darabilgu adizkia, -la atzizki soilaz. Halan: datorrela, doala, dabilela, dagoala, dakiala, dakarrela, daroala, daukala, edota kasu honetan tokatzen dan dala. Esaldi bidez on egingo dogu dinoguna: Honantz datorrela sekulako ezustekoa euki dau. Errekarantz doala jausi zan tronkara. Holako ezbeharrak, dabilela jazoten jakoz personeari, dabilen edonori. Holakorik ez da subertau gurean, dakidala.
Dana dala, estilo onaren aldetik, esaldi bateko mezu biak zelan, ze ordenatan lotzen ditugun be ondo gogoan euki beharreko ertza da. Nik, kantuak darabilzan esaldi nagusia eta menpekoa atzekoz aurrera josiko neukezan: noiz jazo zan neskatilea ezagutzea esaldi nagusiaren bidez adierazoaz: Hiru aste dira esaldi nagusi modura, eta zer gertatu zan, hau da, neskatilea ezagutzea bera, mendeko perpausaren bidez; hau da: neskatilea ezagutu nebala. Osorik esanda: Hiru aste dira, neskatila hori ezagutu nebala. Beste esaldi bategaz sendotuko dot: “85 urte dira EGUNA egunkariaren lehen zenbakia kaleratu zaLA”.
Edozelan dala be, kantuaren esaldi egiturea jagonda be, aditz trinkoaren ba- aurrizkia kendu egingo geunskio: hiru aste diraLA, eta ez hiru aste *BA-dirala.
Beste esaldi bi, aditz trinkodunak erabilita, esan ginei: Natorre-LA ikusi zaitut, eta ez noa-LA. Baina ez gendukez erabiliko, batzuetan irakurri ohi diran lango batzuk, ez *banatorrela, ez *banoala.

Lurrikarea, guztiok ikasi dogun hitza da. Baina beste ikara mota batzuk be badagoz. Zeintzuk dira euskeraz ezagun antzekoak? 

Ikara egiten dauena lurra danean, lurrikarea dala esaten dogu. Baina ikara egiten dauena itsasoa danean, itsasikarea izango da nonbaiten be, gazt. “maremoto”. Hitz bakarrera ekarri gura ez bagenduz, lurraren ikarea eta itsasoaren ikarea.
Baina ikara izen hori beste hainbat kasutan be agiri da hitz alkartu barruan erantsita. Hara ezagunetariko batzuk:
– Bildur-ikarea, bildur eta ikara izen sinonimoak bat eginda, “geminatu semantikoen” alkarkuntza, bildurraren gorengo gradua adieroten da, gazt. ‘terror, espanto’: “Ze bildur ikarea nirea, bera ikusi dagidanean!”, idatzi eban J. A. Uriarte idazleak bere Mariaren Illa liburutxoan. Eta Balentin Enbeitak bere bertsoetariko baten: “Laster asi zan kirrin-kurrunka, / kortako bazter danetan saltoka; / karnazerua bildur-ikaraz / eta ugazaba makileagaz” (Nere Apurra).
Izu-ikara aurreko horren esangura berekoa, izu eta ikara hitz sinonimoen alkarkuntzaz eregia.
– Bihotz-ikarea be baderitxo “emozino handiari”, mailegu bila joan barik be. Etxeita nobelagilearen hitzetan: “Guztiz ikaratu zan neskatila hau, ta biotzikara errimeaz, erantzun eutsen” (Josetxo).
– Argi-ikarea esaten jako berbeta batzuetan goizaldeari, goizabarrari; irudi zoragarria. “Goizeko argi-ikaran ezkondu ziran hoiek” idatzi eban Goikoetxea jesulagunak Loiola inguruko bere lexikoian.
– Buztanikara edo epertikarea deritxo gure txori txiki bizkor bati, buztana gora eta behera geratu barik zirkin eta zikin ibilten dan bati (‘aguzanieves’ gaztelaniaz).
– Esku-ikarea daukala esaten da, edo esku-dardarea daukala, eskuak dardar eragiten deutsanagaitik. Jente zaharraren kasua, jeneralean. Eta arraintxo bat be bada eskuikarea deritxona (gazt. ‘torpedo’), ikutuagaz batera dardar eragiten deutsuna.
– Hagin-ikarea be badogu, gazt. ‘dentera’. Hortz-ikara be esaten jako beroneri.
– Hotzikarea, edo sarriago pluralez, hotzikarak, sarri darabilgun berbea da, gorputzaren ondoeza daukagunean.
Eta esamodu erara garatuak dira: hotzez ikara egon eta bildurrez ikara egon, herri-berbetan eta gure literaturan behin baino sarriago erabiliak.

Errepide batzuetan agiri dan oharra: “Ez duzu lehentasuna / No tiene prioridad”

Urrun joan barik, Artxandapetik Bilbora sartu aurretxoan, bardin da Getxo aldetik edota Mungia edo Zornotza aldetik zatozala, errepide biek bat egiten daben gune horretan, sarrera-lehentasuna Getxo edo Ezkerraldetik datozan autodunek daukie, eta Mungia edo Zornotza aldetik datozanak itxaron beharra, edo gitxienez beste errepidetik ea autorik datorrenentz jagon, alkar jo barik aurrera egiteko.
Gaztelaniazko mezua horrelan irakurtera ohituta gatoz: ezeztapena, galerazpena adierazoten dauen aditza lehenengo eta prioridad izena hurrengo ipinita.
Euskerazko esaldia irakurriaz batera ohartzen gara euskerazko mezu hori ez dala euskal hizkuntzaz sortua izan, ezpada gaztelaniatik hitzez hitz ordaina bilatu jakola. Gaztelaniaz pentsatu eta euskeraz idatzi; ezin jakin hiztegia aurrean dala edo bape barik.
Egitura bera zainduta be, -ik atzizki partitiboa erabiliko genduke: LehentasunIK ez duzu, edo ez daukazu, edota: Ez duzu lehentasunIK, edo Ez daukazu lehentasunIK.
Baiezka izan balitz, gaztelaniazko: “Tiene prioridad” dalakoaren euskerazko izenaren ordainak -a mugatzailea leroake: LehentasunA duzu, edo daukazu. Eta ezezkako esaldian -a mugatzaileari eusteko modua izango zatekean: LehentasunA ez da zurea. Edo: LehentasunA, zuk ez, besteak dauka idatzi zeitekean. Baina ezeztapean modu absolutuan formulatzen dogunean, -ik partitiboa da ziurrena, argiena izateaz ostean: LehentasunIK ez duzu, edo borobilago edo indartuta esan nahi izan ezkero: LehentasunIK bape…, lehentasunIK inondik be ez daukazu, ezetarikorik be ez daukazu.
Bide batez gehitu daigun, errepideetako formulak, edonon dirala be, finko, zehatz eta arautuak izatea eskatzen bada be, ingurune libreagoetan, hitzez hitzezko itzulpenetara jo barik, beste aukera batzuk be hiztunontzat guztiz ulergarriak diranak eskura ditugula. Berbarako: Itxi edo eman pasoa. Utzi pasatzen. Besteari utzi joaten. Besteari utzi aurrea hartzen. Besteak du lehentasuna. Edo beste eraren bat.

Lehengo baten erabili genduan bider hitza zelan erabili gaia. Horren harira datorren esaldi bat. Aita batek, orain hamar urte besoetan euki eban sein jaiobarriaren gomutaz idatzitakoa: “Oin laster hamar urte, lehen bider euki neban altzoan”

Esango neuke, bider erabilten dogun hizkeretan lehen bider ez dogula esaten. Egitekotan be: lehenengo bider, lehelengo bider, edota atzizki instrumentala gehituta: lehenengo biderrez.
Lehen aurretik dala, lehen aldiz edo lehenbiziko aldiz esango genduke errazago.
Dana dala, gazt. “por primera vez” esateko, ez gagoz ezinbestean behartuta bider edo aldi erabiltera. Erarik zuzen eta laburrena, esango neuke dala: lehenengoz. Eta zenbatgarren aldia adierazo nahi bada zenbaki bidez, egitura berorregaz ditugu: bigarrenez, hirugarrenez, bostgarrenez, hamargarrenez edo hogeigarrenez. Gaur egun ene hitzari erantsita erabilten be hasiak gara: enegarreez. Esatea lez: hamaikagarrenez edo milagarrenez.
Baina sareetan irakurri dogun lehen bider, gramatikaz zuzena izanda be, ez neuke erabiliko, gure berba-ohituretatik kanpo dagoalako.

Jatorduko formula bat, jatorudu onaren ostean esaten izan dana: “Jan dogu erregeak lez, berak jan badau geure lez”

Ondarroako berbetatik zuzendu deust Andres Urrutia euskaltzainburuak, eurentzat ohikoa dan formula hau. Larrabetzuko berbetan be entzuna dot orain dala urte gitxi batzuk esaera berbera. Bazkaloste bateko formula-esamodua da hau, han edo hemen bizirik dirauena.
Erregeak lez jatea, ondo baino hobeto jan dogula esateko. Berak jan badau geure lez, baldintza lez ipinten dogun adierazpena: guk ondo jan dogu, eta geure lez jan badau erregeak, erregearentzakao desira ona; biok bardin gagoz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00