Lointek Gernika Bizkaiak zapatuan ekingo deutso 2024-25 denporaldiko liga txapelketeari. Lucas Fernandezek zuzentzen dauen taldeak Lugoko Ensino taldearen aurka jokatuko dau arratsaldeko 18.30etatik aurrera. Ilusino handia sortu dau Gernikako emakumezkoen saskibaloi taldeak, denporaldi aurrean jokatutako partiduetan erakutsitako mailea bikaina izan dalako. Tartean, Euskal Kopea irabazi dau, Araski eta Idk Gipuzkoa menperatuta.
Aurreko denporaldiko hiru jokalari bakarrik dagoz aurtengo taldean: Marta Alberdi, Itziar Ariztimuño eta Maya Dodsonek. Beste guztiak barriak dira. Ane Olaeta itzuli egin da bere jaioterriko taldera kanpotik zazpi urteko ibilaldi oparoari amaierea emonda. Nahia Zubiaga, hamazortzi urteko hegaleko gernikarra be taldera itzuli da Bartzelona aldean lau urtez jokatzen ibili ostean.
Talde oso gaztea da aurtengoa eta gaztetasun hori igarri egiten da kantxan. Izan be, talde bizia eta grinatsua da Lucas Fernandezena, edozein aurkariri aurre egiteko gauza dana. Ondo hastea garrantzitsua da beti eta denporaldiko lehen garaipena eskuratu gura dabe zapatuan Ensino Lugoren aurka, marea granatearen laguntzeagaz.