Joxerra Bengoetxeak urtarrilaren 27an errektore kargua hartuko dau. Ofizialki datorren astelehenean izentauko dabe EHUko errektore eta sei urtez unibersidadeko publikoko errektoretzako buru jardungo dau. Bengoetxeak, EHUko errektore barriak, botoen % 63,85 lortu eban EHUko hauteskundeetan. Zuzenbidearen Filosofiako katedraduna izango da euskal unibertsitate publikoaren burua datozen sei urteotan. Bengoetxearen berbetan, Eva Ferreiraren eta bere taldearen artean emoten dabilen trantsizinoa ona izaten dabil.
Aurtongoa hasierako urtea baino ez dala izango esan dau Bengoetxeak eta bi-hiru urte barru aldaketa sakonen lehen emoitzak ikusten hasiko dirala. Berehalako nobedadeak be izango dirala aurreratu dau Bengoetxeak Goizeko Izarretan irratsaioan. “Errektoreordetza barri bat sortu dogu eta horretan harreman instituzionalak eta kulturea kokatuko doguz. EHUko osasun gaietarako agintari bereziaren kargu barria be sortuko dogu” aitatu dau.
“Ordezko irakasleak jardun osoan kontratau ahal izatea gura dogu. Araudiaren interpretazino baten bitartez edo aldaketak bultzatuta lortu nahi dogu hori” azpimarratu dau Bengoetxeak. Azpiegituretan egin beharreko lanei buruz galdetuta, Leioako kanpusean dagozan gabeziak konpondu behar dirala adierazo dau. “Liburutegiko eraikina itoginez josita dago eta horrek berehalako konponketea behar dau. Leioako Zientzia eta Medikuntza fakultadetan be barrikuntza ugari behar dira” azaldu dau Bengoetxeak.
Euskerazko irakaskuntzeari buruz, matrikulen prezioari buruz edo ikasleekiko hartuemonei buruz be berba egin dogu datorren astelehenetik aurrera EHUko errektore barri izango danagaz.