Karmelo Etxenagusia ohorezko aitamenetariko bat jasoko dau aurton On Karmelo bera be kide izan eban Euskal Baliabideak taldeak. Eurentzako berezia izango da eta oso pozik dagoz. 1992an sortu eben taldea, Andoni Gerrikaetxebarria izan zan lehenengo kooordinatzailea eta beragaz batera egon dira beti Lontzo Zugazaga, gaur egungo arduraduna, Juanito Gallastegi, Jose Luis Iza eta Jose Mari Rementeria zana. Euren bueltan beste batzuk be ibili izan dira, Martin Aranbarri esaterako. Felix Alonsok be urte askotan egin dau lan taldean, batez be, euskal liturgia liburuetan Erroman baimenak lortu eta abarretan. Ander Manterola be taldearen bultzatzaileetarikoa izan zan.
1991ko Gotzain kontseilu baten erabagi zan Euskal Baliabideak taldea eratzea, euskera aldetik egiten zana baino gehiago egiteko asmoz. Harrezkero makina bat lan egin dabe, asko eta asko eskariz, eta lan erabilgarriak egiten ahalegindu dira. Materiala sortu eta itzuli egin dabe, eta horretan be lan bikotxa, batuaz eta bizkaieraz. Euskerearen egoeraz eta etorkizunaz, ezkortasun puntua erakutsi deuskue, pobretu egin dala eta.
Sorrereaz, orain arte egindakoaz, Eleizbarrutiaren 75. urteurrenaz eta euskerearen egoeraz eta etorkizunaz egin dogu berba Andoni Gerrikaetxebarriagaz, Juanjo Gallastegigaz, Lontzo Zugazagagaz eta Jose Luis Izagaz.
Eurokin batera jasoko dabe aitamena Inmaculada Gallastegik eta Juan Maria Iraolagoitiak (hil ondoren), euskerazko komunikazinoari egindako ekarpenagaitik, eta Antonio Linaza abadeak, eleiz musika arloan egindako lanagaitik eta mezak telebisino publikotik emitiduteko egindako ahaleginagaitik. Ekitaldia martiaren 20an izango da, goizeko 11.00etan, Bilboko BBK Aretoan.