Datorren urtean, 2025ean, 50 urte beteko dira Marokok Mendebaldeko Sahara okupau ebanetik. Espainiak Sidi Ifni edo El Aaiounetik urten eban eta deskolonizazino prozesua egin barik, zuzenean Mendebaldeko Sahara marokoarren esku laga eban. Sahararrek euren estadua sortzea eben helburu, baina Marokoko ejerzitoak 300 mila saharar euren lurretatik atara ebazan, Atlantikoak bustitako lur emonkorretatik Aljeriako Sahararko basamortu antzura garraiatu ebezan. Saharar batzuk bide gogor horretan hil ziran.
1975etik hona saharar batzuk Marokok okupautako Mendebaleko Saharan bizi dira eta beste 175 mila inguru Aljerian, Saharako basamortuan dagozan Tindoufeko kanpalekutean. Kanpalekuetatik urtero Oporrak Bakean programeari esker ume sahararrak Euskal Herriko ehundaka familien etxeetara etorten dira. Gehienak etxeetara, baina ez guztiak, beste batzuk alkarteek edo GKEk kudeatzen dabezan aterpeetara.
Durangoko Rio de Oro GKEak aniztasun funtzionala edo desgaitasunen bat daben 10 bat ume saharar jaso dauz Izurtzako eleizaren ondoko aterpean. “Asteroko txandak izaten dira eta 60 boluntario gabilz ume honeei arretea eskaintzen. Errefuxiatuen kanpalekuetako hezkuntza bereziko eskolakaz lan egiten dogu guk” esan deusku Julen Zarandona begiraleak. Boluntarioak Euskal Herritik edo kanpotik etorritakoak dira eta ume bakotxeko begirale bat dago.
Izurtzako aterpean dagozan gazte saharrakaz udaleku batzutan lez lan egiten dabe, danetariko ekintzak eukiten dabez programauta. Hondartzara, piszinetara joaten dira eta parketan zein plazatan be olgetan dabe. Koldo Anderezek azaldu desku Oporrak Bakean programea alkartasunagaz lotu dala beti baina salaketa politikotik be badaukala. “Munduan zelako gatazkak dagozan ikusita udan umeak gurera datozanean sahararren burrukea be gurera dator” azaldu deusku Koldok.