
Zezeilaren 25ean hasi zan Azkuna Zentroan, 18. Gutun Zuria, letren nazinoarteko jaialdia. Martiaren 1era bitartean, nazinoarteko eta Euskal Herriko idazleak protagonista. Solasaldiak, tailerrak… orain artekoan dana ondo joan dala esan deusku Beñat Sarasolak, Gutun Zuria ekimenaren aholkularietariko batek. Egitarau zabala antolatu dabe hamazortzigarren edizinorako. Hasteko, BBK Gutun Zuria sariak emon ziran. Ibilbideari emoten deutse saria. Itxaro Borda Baionako idazlea izan da aurten sarituetariko bat, eta bestea, Leila Guerreiro idazle argentinarra. Euskal makila tradizionala jaso dabe biek. Guerreiroren kasuan, idazle eta kazetariak, solasaldia eskeini eban egun berean Rodrigo Fresánegaz batera. Itxaro Bordak bitartean, azken egunean dauka solasaldia Aurelia Lassaquegaz batera. Hizkuntza gitxituak erabiltzeak daukan garrantziaz egingo dabe berba.
Oihane Amantegi, Joseba Sarrionaindiagaz
Bizkaia Irratiak, irratsaio berezia eskeini dau Azkuna Zentrotik. Beñat Sarasola izan da lehen gonbidadua. Jaialdiaren ganekoak aztertu doguz beragaz. Oihane Amantegi idazleagaz be izan gara. Oihane Amantegi irakaslea eta idazlea da. 2020. urtean argitaratu eban Elkarregaz bere lehen nobela laburra Ibaiertzeko ipuina. Lan honegaz Bilboko Liburu Azokan emoten dan Zazpi Kale saria irabazi eban. Lan hau, galizierara itzuli da. 2023. urtean bere bigarren lana kaleratu eban, Elkarregaz baita be, Cayo Hueso. Nobela laburrak idazteko jaurlaritzak emoten eban dirulaguntzea jaso eban horretarako. Igartza Sarien epaimahaiko kidea izan da 2021 eta 2022 urteetan eta gaur egun, Berria egunkarian be idazten dau. Oihane, Joseba Sarrionaindiagaz batera izango da bihar Gutun Zurian, arratsaldeko seiretan. Euskaraz tropikoetan deitzen da biharko euren arteko solasaldia. Eztabaida eragiten dau hain zuzen, euskerazko fikzinoak sortzea, mundu errealean euskeraren espazioak ez diran lekuetan. Idazle bi honeen kasuan emon izan da ezaugarri hori. Amantegik esan deuskuenez, bere kasuan, berez urten deutson kontua izan da. Bere nobela biak, Hegoameriketan kokatzen dira.