Mikel Lertxundi eskultorea Berriatuan jaio zan 1951n. 1972.urtean ekin eutsan bere ibilbide artistikoari. 1975ean egin eban lehenengo erakusketea kolektiboa Lekeition. Alemanian, Ameriketako Estatu Batuetan eta Japonian bere ezagutzak zabaltzen ibili ostean, barriro be Euskal Herrira itzuli zan. Bere artelanetan harria, burdina eta egurra beti dagoz presente, baina baita haizea, ura eta sua be. Oreka baten bila beti.
Oraintsu Lertxundiren lanak Vigon egon dira ikusgai, eta irailetik aurrera, Katalunian hiru erakusketa antolatuko dauz. Joan dan martian, Bilbon, Isozaki Dorreen aurrealdean, Mikel Lertxundiren Topaketa eskulturea jarri eben. Durangon, Berrizen, Elorrion edota Markina-Xemeinen be badagoz Lertxundiren eskulturak. Nafarroa Oinez ekimenaren barruan, Artea Oinez 23 atalean hartu dau parte artista berriatuarrak, eta gogoratu daigun, Maialen Lujanbio Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko irabazleak, sarian artean, Lertxundiren eskulturea jaso ebala.
Mikel Lertxundik liburuak be argitaratu dauz: Euskaradun arte unibertsala (1988) eta oraintsuago Lertxundi espazioa lurra denbora (2019). Biak be Maribel Aiertzagaz alkarlanean argitaratutakoak. Euskaradun arte unibertsala saiakerearen kasuan, argitalpen onenaren Euskadi saria bereganatu eban 1989.urtean.