
Zabalik dago bigarren Pantailaldian izena emoteko epea. Maiatzaren 6tik 15era bitartekoa izango da euskerazko ikus-entzunezko edukiak sustatzeko aktibazino sozialerako ariketea. Pantailak Euskeraz ekimenak antolatuta egingo da bigarren Pantailaldia. Euskaraldiaren urte berean egin zan lehenengoa orain urte bi eta aurten be batera dator. Helburu bi daukaz. Euskerazko ikus-entzunezkoen kontsumoa sustatzea eta erakundeak euskeraren aldeko pausuak emotera gonbidatzea. “Euskeraz ikus-entzunez egingo dugu!” leloa dauka bigarren Pantailaldiak, Euskaraldiagaz leloa ia konpartiduz. Edozeinek hartu leike parte. Eskatzen dana da, bakotxak bere bizipenak sare sozialetan zabaltzea #pantailaldia traola erabiliz. Lehenengo Pantailaldian 500 lagun baino gehiagok hartu eban parte. Askok harridurea azaldu eben pantailetan uste ebena baino euskerazko eduki gehiago aurkitu ebelako.
Salaketa jartzeko deia
Maiatzaren 6ra bitarteko epea dago izena emoteko. Pantailak Euskeraz ekimenaren web orrian egin daiteke. Izena emonda, gida bat eta baliabideen zerrendea jasoko dabe parte hartzaileek. Pantailaren lehenengo egunean, Kneecap telesail arrakastatsuaren emonaldia izango da Bilboko Kafe Antzokian. Maiatzaren 14an barriz, Urak eginen du bide dokumentala ikusi ahal izango da. Protestarako tartea be izango da Pantailaldian zehar. Maiatzaren 10an herriko zineman euskerazko eskaintzarik ez badago, salaketa jartzera animetan dabe. euskerarentelefonoa.eus web orrian jarri daiteke salaketea. Alex Aginagaldek, Pantailak Euskeraz ekimeneko kideak gogoratu dau, normaltzat hartzen dogula euskerazko ikus-entzunezkorik ez egotea. Pantailaldiak irauten dauan bitartean, euskal kulturgintzako erreferenteek euren bizipenak partekatuko dabez.