Cellars Art and Fashion modea, artea eta gastronomia buztartzen dauan proiektua Zaporeak erakundeagaz alkarlanean dabil, gobernuz kanpoko erakunde honentzat dirua lortzeko. Helena Ruiz de Azua Zaporeak erakundeko kideak Bizkaia Irratian azaldu dauanez, Zaporeak erakundeko Peio Garcia Amiano eta Cellars Art and Fashion-eko Ramon Veraren arteko topaketa batek jarri eban martxan ekimen solidario hau. Dotore apaindutako botilak atarako dabez enkantera, Zaporeak GKEren alde.
Artista, diseinatzaile eta chef esaguratsuek hartuko dabe parte ekimenean. Besteak beste, Eder Aurre eta Agatha Ruiz de la Prada diseinatzaileak, edota Elena Arzak, Karlos Argiñano eta Pedro Subijana sukaldariak, beste askoren artean. Ardao, cava edo txakolin botilak, askatasun osoz, “jantzi” edo margotu egingo dabez. Dagoeneko botila batzuk diseinau dabez. Botila horreek estaduko hainbat tokitan erakutsiko dira, eta 2024ko abenduan edo 2025ko urte hasieran enkantean jarriko dira Madrilen. Bildutako diru guztia Zaporeak alkartearen alde izango da bere gizarte-lana babesteko. Zaporeak GKE-k egunero 3.000 otordu prestetan dauz Lesboseko (Greziako) errefuxiatu kanpamenduetan bizi diran asilo eskatzaileei. Ruiz de Azuak azpimarratu deuskunez, “Lesboseko errefuxiatuen kanpamenduetako baldintzak txarrak eta larriak dira”.