Euskal Zine Bileraren 46. Edizinoa hasiko da gaur Lekeition. Jaialdiaren sortzaileak izango dabez gogoan aurten.
Gaurtik domekara bitartekoa da Euskal Zine Bilera. “Jarraitu zinearen lorratza” leloa aukeratu dabe, jaialdia sortu ebenei omenaldia eskeiniz. Xabier Arrate koordinatzaileak azaldu deuskunez, euskerazko ikus-entzunezkorik ia ez egoanean sortu eben lehenengo jaialdia izango zana eta zaharrena bihurtu dana.
Kalidadeak nabarmen gora
Urtetik urtera gero eta film gehiago aurkezten dira euskerazko zine jaialdirik zaharrena dan Zine Bilera honetara. Kalidadeari jagokonez, Arratek azpimarratu dau, nabarmen egin dauala gora. Aurten, 19 film izango dira lehian Lekeition, tartean, Lara Izagirreren azkena. Aniztasuna da nagusi euren artean, hainbat generotako lanak dagozalako, bideo-artea be bai. Istorioei jagokenez be danetarik dago. Esti Urresola zinemagileak bestalde bere lanaz egingo dau berba zapatu arratsaldean Ikusgarri zineman. Egun berean, 19. Kameratoia hasiko da. Topaguneagaz batera antolatzen dan ikus-entzunezkoen rallya da honakoa. Domeka arratsaldean bananduko dira Kameratoiaren sariak. Nobedadea da aurten, Klixka esperimantazino espazioa eskeiniko dala zapatuan. ZOOM atalaren barruan sartzen da. Lekeitioko biztanleei zuzendutako programa pedagogiko bat sortzeko asmoz, Arropaineko Arraguaren programea da Klixka. Aurten, Azkue Ikastolako DBH-3ko ikasleek eta Iturriotz Institutuko bigarren batxillergoko ikasleek hartuko dabe parte. Zaloa Ipina, Iñaki Rifaterra eta Jorge Moneo izango dira artista gonbidatuak.
Sariak zapatuan
Alaitz Arenzana, Zinegoak jaialdiko zuzendari artistikoa, Ramon Agirre euskal aktorea eta Nerea Alberdi konpositorea, orkestratzailea eta moldatzailea dagoz epaimahaian. Proiekzinoak gaurtik zapatura bitartean egingo dira. Sari banaketea zapatu arratsaldean egingo da Lekeitioko Zine Bileran. Ana Goitia eta Jon Garatek aurkeztuko dabe galea. Film onenaren saria, zuzendaritza onenarena eta gidoi onenarena emongo dira. Gazte 22 saria eta Ikusleen saria be emongo dira.