237.000 kilo antxoa saldu dira Ondarroako portuan

Berrogeta hemeretzi txalupen arraina jaso eban kofradiak eta batez besteko prezioa 1,36 eurokoa izan da
Porturatutako arraina freskoan jateko merkatura bideratu zan / Bizkaia Irratia

Bokartaren arrantzaldia indarra hartzen doa eta Ondarroako portuak 237.000 kilo jaso ditu eguazten honetan, berrogeta hemeretzi ontzik lehorreratutakoa hain zuzen be. Astea ez zan ondo hasi arrantzaleentzat eta astelehenean 28.000 kilo baino ez ziran saldu Ondarroan. Martitzenean ontziek porturako bidea hartu behar izan eben Atlantikotik etorritako borraska batek bost metroko olatuak eragin ebazalako. Ekaitza baretzeagaz batera, ontziek itsasora urten eben barriro eta arrain sardak aurkitu ebezan Bizkaiko kostaldetik mila gitxira. Gaua oparoa izan zan eta ontzi askok eguneko topea arrantzatzea lortu eben. 8.000  kilokoa, ontzi handientzat edo hamabi marinel baino gehiago daukiezanentzako eta 6.400 kilo ontzi txikienentzat. Prezioari jagokonez, gora beherak egon ziran tamainaren arabera. Bokarta handiena saltzen da beti garestien. Edozelan be, orain arte Bizkaian porturatutako arrain guztia freskoan konsumiduteko merkatura bideratu dabe. Ondarroan eguaztenean porturatutako arrainaren batez besteko prezioa 1,36 eurokoa izan zan.

Beste alde batetik, berdela hasi da musturra erakusten gure uretan. 40.500 kilo berdel saldu ziren Ondarroako kofradian, 2,12 eurotan. Nabarmentzekoa da, ontzi gitxi batzuk ekarri eben sardina, bokarta eta berdela baino garestiago saldu zala.

Porturatutako berdela, trainagaz eta gauez harrapatutakoa izan zan. Amoak erabilten dabezan ontziek ez eben suerterik izan eta porturako bidea hartu eben berdelik harrapau barik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular