Sevillako finala dogu zain

50.000 zaleren babesa eta berotasuna izango ditu lagun Athleticek Osasunaren aurkako kanporaketako bigarren partiduan
Iñaki Williams Osasunako jokalariz inguratuta Sadarren jokatutako joaneko partiduan / Athletic Club

Egun handia da gaurkoa San Mamesen. Ernesto Valverderen taldeak kopa txapelketako finalerako sailkapena lortu leike denporaldiko partidurik garrantzitsuenean. Ezin da huts egin. Sevillako finalerako bidean, baina, Osasuna menperatu beharko dabe zuri-gorriek Katedralean. Ez da erreza izango. Ahalegin horretan, 50.000 zaleren babesa eta berotasuna eukiko dabe zuri-gorriek. Ernesto Valverdek partidu aurreko prentsaurrekoan esan eban legez, sari handia dago jokoan gaurko partiduan. Athleticeko entrenatzaileak argi eta garbi esan dau bere taldea garaipenaren bila zelairatuko dala lehen minututik. Txingurrik ondo baino hobeto daki bere taldeak gol bi sartu beharko dituela, gitxienez, kanporaketea gainditzeko. Eta, Athleticek ahalegin handiak egin behar ditu aurkariaren atea zulatzeko. Era berean, zuri-gorrien entrenatzaileak badaki bihotz beroa eta buru hotza buztartu behar dirala gaurko lehian. Izan be, partidua luzea da eta kontrol barik jokatzea garaipenaren bila oso arriskutsua izan daiteke, aurkariak min egin leikiolako.

Valverdek aldaketak egingo ditu hamaikakoan, Getaferen aurkako partiduan zelairatu eban hamaikakoagaz alderatuta. Aurreko zapatuan ordezkoen aulkian egon ziran Iñigo Martinez, Oihan Sancet, Mikel Vesga eta Nico Williamsek hasieratik jokatuko dabe Osasunaren aurkako partidu erabakigarrian. Ander Herrera be deialdian sartu bada be, ez dirudi jokatzeko moduan dagoanik.

Antzeko zeozer gertatzen da Osasunan Chimy Avilarekin. Argentinarra deialdian sartu dau Jagoba Arrasatek baina aukera gitxi ditu San Mamesen jokatzeko, guztiz osatu barik dago-eta. Arrasatek esan dau bere taldea ez dala zelairatuko joaneko partiduan lortutako aldea defenditzera, partidua irabaztera baino. Athletic zelaian deseroso egon daiten ahaleginduko dira nafarrak gaurko partiduan.

Gaurko partiduak osagarri guztiak ditu gogoangarri izateko. Athletic onena ikustea itxaron daigun eta kopako finalerako txartela eskuratzea. Itzela izango litzateke. Sevilla dogu zain.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular