Portugaleten bagilaren 10 eta 11n ospatuko dabe Txakolin Festa. Iaz lehenengo edizinoak arrakasta handia izan eban, eta aurten bigarrena egingo dabe. Gastronomia eta Bizkaio Txakolina k izango dira protagonista nagusiak. Portugaleteko Udalak, Bizkaiko Txakolina jatorrizko deituragaz batera aurkeztu dau Txakolin Fest jaialdiaren kartela.
Txakolinaren festan hogeita bi ekoizleren txakolina dastatzeko aukerea egongo da. Bisitariek, tiketa erosita, txakolin ezbardinak probau ahal izango dabez Lumagorri eta Euskal Okela kalidadeko zigiluakaz egindako pintxoakaz batera. Informazino guztia bizkaikotxakolina.eus/Btfest webgunean.
Musikeak be lagunduko dau. Zapatuan, hilaren 10ean, Deep Sea Monk, Garilak 26, DJ Makala eta Zelanda igaroko dira Portugaleteko La Canilla pasealekuko agertokian. Gainera, Portugaleteko Erraldoien Konpartsaren erraldoien kalejirea egingo da, erritmoa eta kolorea ipiniz. Domekan, hilaren 11an, Mou Trumpet eta Arima Soul taldeen txanda izango da, baita udal bandearena be.