Elhuyar Zientzia Azokan 700 gazte bilduko dira

Bilboko Areatzan gazteek ikasturtean zehar garatutako 200 proiektu erakutsiko dabez
Azokaren aurkezpena / Bizkaia Irratia

Elhuyar Zientzia Azoka 700 gazte bilduko dauz asteburuan Bilboko Areatzan. Elhuyar Zientzia Azokaren helburua gazteen artean zientziarekiko zaletasuna sustetea eta kultura zientifikoa zabaltzea da, ez bakarrik Areatzan egiten dan azoka honetan, baita urtean zehar be.

Aurten, 700 gaztek parte hartuko dabe azokako hiru egunetan, bagilaren 2tik 4ra bitartean. Gazteek ikasturtean zehar garatutako 200 proiektu erakutsiko dabez. Bagilaren 2an, barikuan, DBHko 3. eta 4. mailako eta Batxilergoko 105 proiektu ikusi ahal izango dira; hilaren 3an, zapatuan, DBHko 3. eta 4. mailako 54 proiektu; eta, azkenik, bagilaren 4an, domekan, DBHko 1. eta 2. mailako 48 proiektu. Azokan ikertzaileek be parte hartuko dabe. Bertan, aurkeztutako lanak ebaluau eta saritu egingo dabez. 

Gaur goizean, Somorrostro Sustapen Zentroko bi ikasle, Igarki Uribek eta Alaia Sainzek proiektuen garapenari lotutako bizipenak partekatu dabez aurkezpenean. Aurreko edizinoan sari bat jaso eben bi gazteen testigantzak proiektu horreek irakaskuntzan daben balioa erakutsi dau, baita irakaskuntza-lanaren garrantzia be.

Elhuyarrek antolatutako Zientzia Azoka ekimenak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren, Euroeskualdearen, FECYTen (Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioa), Kutxa Fundazioaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Bilboko Udalaren, Nafarroako Gobernuaren eta Erabiren laguntza dau. 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00