Hogeta sei traineru lehiatuko dira zapatuan Lekeition

Eusko Label Ligako Isuntzak, Oriok, Ondarroak eta San Juanek hartuko dabe parte gizonezkoen estropadan
Isuntza, Kaiku, Deusto eta Portugalete izango dira emakumezkoen estropadan / Bizkaia Irratia

Hogeta sei traineru lehiatuko dira datorren zapatuan Lekeition, Isuntza Elkarteak antolatzen dauen estropadan. Berrogeta zazpigarren edizinoa izango da gizonezkoen kasuan, eta hamabosgarrena emakumezkoetan. Bizkaiko txapelketea jokatu ostean aukera ona izango da barriro be traineruak lehian ikusteko, domekan Getarian jokatuko dan Euskadiko txapelketaren atarian.

Hamasei traineruk hartuko dabe gizonezkoen senior mailako estropadetan. Eusko Label Ligako Isuntza, Ondarroa, Orio eta San Juan, KAE1 ligako Kaiku, Arkote, Deusto, Zarautz, Lapurdi, Zumaia, Hibaika eta Hondarribia B, eta KAE2ko Portugalete, Busturialdea, Deusto B eta Mutriku.

Emakumezkoen estropadari jagokonez, hamar traineru izango dira aurrez aurre. Euskotren Ligako Tolosaldea, Orio, Zumaia eta Hibaika, eta ETE ligako Isuntza, Kaiku, Deusto, Portugalete, Hondarribia eta Zarautz.

Eguraldiaren iragarpena ez da oso gozoa datorren zapatu goizerako. Alde batetik, ipar mendebaldeko haizea indarra hartuz joango da eta hondoko itsasoak metro ta erdi inguruko olatuak altxauko ditu. Estropada ikusgarria izango da zapatukoa Lekeition.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00