Lagundutako bainuaren zerbitzua Gorlizen eta Bakion be eskainiko dabe

Etzi hasiko dan Bizkaiko hondartzen denboraldirako, 154 sorosle prest
Laida / Bizkaia Irratia

Bizkaiko hondartzen denboraldia ostegunean hasiko da berrikuntza garrantzitsu batekin: lagundutako bainuaren zerbitzua udako lau hilabeteetan (ekainaren 1etik irailaren 30era) eta ohikoak baino bi hondartza gehiagotan eskaintzea; beraz, Arenan, Ereagan, Plentzian, Laidatxun, Isuntzan eta Arrigorrin ez ezik, Gorlizen eta Bakion bere zerbitzua emongo da.

Guztira 269 pertsona arduratuko dira aurtengo denboraldian hondartzetako segurtasuna eta garbitasuna zaintzeaz. Foru Aldundiak 85 dutxa, 76 iturri/oin-garbigailu eta desgaitasunen bat daben pertsonentzako 7 iturri eta bi eserleku, 367 parrila-plataforma eta 2.049 metroko egurrezko pasabide jarri dauz.

Hondartzak garbitzeko eta mantentzeko zerbitzuak 101 pertsona hartuko ditu aurtengo denboraldian. Bestalde Istripuak Prebenitzeko, Sorospen eta Laguntza Zerbitzurako lantaldea uretako 154 soroslek eta koordinazio-lanak egingo dabezan beste 15 pertsonak osatuko dabe. Egunero eskualdeko 7 koordinatzaile, koordinatzaile nagusi 1 eta 88 sorosle egongo dira zerbitzuan, honela banatuta: 7 Arenan, 2 Areetan, 5 Ereagan, 4 Arrigunagan, 3 Gorrondatzen, 5 Barinatxen, 7 Arriatera-Atxabiribilen, 2 Muriolan, 4 Plentzian, 6 Gorlizen, 2 Armintzan, 7 Bakion, 2 Aritzatxun, 2 Laidatxun, 2 Toñan, 4 San Antonion, 6 Laidan, 4 Lagan, 2 Ean, 2 Ogellan, 3 Isuntzan, 5 Karraspion eta 2 Arrigorrin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00