700 km bizikletaz Valladolid eta Barakaldo artean

Ekomartxaren 12. edizinoan mogikortasun iraunkorra aldarrikatuko dabe
2022ko Ecomarcha Galiziatik / Ecologistas en Acción

Datorren garagarrilaren 15ean hasiko da Ecomarcharen 12. edizinoa, Ecologistas en Acción taldeak udan antolatzen dauen ibilpide enblematikoa, non bizikletearekiko grina eta aldarrikapen ekologista batzen diran. Hamabost egunez, 100 txirrindulari baino gehiagoko tropelak Valladolid eta Barakaldo arteko 700 kilometroak egingo dauz mobikortasun iraunkorra, soziala eta egituratzailea aldarrikatzeko.

Hasiera zapatuan emongo jako, 19:30ean, Valladolideko Plaza Nagusian, Valladolideko uriburuko hamar ekologista eta auzotar taldeak baino gehiagok deitutako deialdiagaz bat eginez. PPren eta VOXen gobernu barriak planteaten dauzan bidegorri eta busen ezabatzearen aurka manifestauko dira.

Erakunde sozial eta ekologisten ustez, uriko mobikortasun-politiken biraketak iragora itzultzea dakar, Valladolideko herritar guztien osasuna kaltetzen dau eta berotegi-efektuko gasen murrizketari eta kutsadurari buruzko adostasun zientifikoaren aurka doa. Horren aurrean, uri barruko mobikortasuna aldarrikatuko da, bizikleta bidezko garraioaren alde egingo dauena, erabiltzaileentzako ingurune seguru eta inklusiboak sortuko dituena eta garraio publikoa ibilgailu pribaduaren aurrean sustauko dauena.

Garagarrilaren 16tik aurrera, tropel ekologistak Barakaldorako bidea hasiko dau, Gaztela eta Leon, Kantabria eta Bizkaiko zati handi bat zehartuz. Bi astez, bisitaten dituan herrietako auzo-burrukekin bat egingo dau, arazo ekosozialak salatzeko eta etorkizun bizigarri eta jasangarri baterako alternatiben inguruan hausnartzeko.

Ibiltaldia Kantabriatik igaroko da eta Santander-Madril abiadura handiko linearen obrak behatuko dauz Alto del Bardal parean, Reinosaraino jarraitzeko. Azkenik, Enkarterri zeharkatuz, Bizkaian barneratuko da Ecomarcha. Bertan, trenbide estuko trenen arazoak ezagutuko dauz eta Euskal Herriko enpresa kutsatzaileenetako batek markautako kostalderantz egingo dau aurrera: Petronorrek Muskizen dauen findegia, azken urteetan kutsaduragaitik Bandera Baltza jaso dauena.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00