Albisteak

Biocrucesek epilepsia prebenitzeko tratamendu barriak sortu dauz

Biocruceseko ikerlariek artikulu bat argitaratu dabe 'BRAIN' aldizkari ospetsuan
Ikerketa taldea / Bizkaia Irratia

Jesús Cortés Ikerbasque irakasleak zuzentzen dauen Osakidetzako Biocruces Bizkaia Osasun Ikerketako Institutuko Neuroirudi Konputazionaleko ikerketa taldeak artikulu bat argitaratu dau ‘BRAIN’ aldizkari ospetsuan. Testu horretan gaixotasun neurologiko hori prebenitzeko tratamendu aukera barriak azaldtzen dira. Beren beregi erantzun neuroinflamatorioaren blokeoak sintoma epileptikoen sorreran eta ezarpenean dauen eraginean sakontzen dau ikerlanak.

Ikerbasqueko ikertzailea dan Paolo Bonifaziren gidaritzapean eta Neuroirudi Konputazionaleko taldeko Soraya Martín-Suárez doktoreak zuzenduta egindako azterlana izan da. Emoitzen arabera, jarduera epileptikoa agertzean erantzun neuroinflamatorioan inplikautako STAT3 izeneko bide biologikoaren blokeoak zirkuitu neuronaletako zelulen heriotzea prebenitzen dau baita jarduera epileptikoaren iraupena murriztu be.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailetik azaldu dabenez, azterlanak “epilepsia prebenitzeko aukera barriak” ireki dauz, erantzun neuroinflamatorioa inhibitzera bideratutako tratamendu zehatzen bidez. Ikerketa taldeak giza ehun epileptikoetan JAK/STAT bidearen blokeatzaile espezifikoen efektua egiaztatzeko esperimentu barriak proposatu ditu, eta horretarako, azken belaunaldiko plataforma optiko bat erabiliko dabe.

Epilepsiak eragin gabeko konbultsio errepikariak sortzen ditu, eta gaixotasun neurologikorik ohikoenetakoa da munduan, desgaitasun handikoa. Krisi epileptikoak zirkuitu neuronalen disfuntzinoaren adierazpenak dira, eta faktore konkomitante batzuen atzeraelikadura positiboko begizta batean gertatzen dira, erantzun neuroinflamatorioak barnean hartuta. Horrela, beraz, krisiek krisi gehiago sortzen dabez. Hori dala eta, begizta hori blokeatzea funtsezkoa da egoera epileptikoa prebenitzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00