Elexaldeko igerilekuetako tabernea, 20 urteren ostean zabalik

Galdakaoko piszina honeetako tabernak 20 urte emon dauz itxita
Elexaldeko igerilekua / Europa Press

Galdakaoko Elexaldeko igerilekuetako tabernak ateak zabalduko dauz eguenean, garagarrilaren 27an, 20 urtez itxita egon ondoren. Terraza eta gune desberdinak daukazan espazioa taberna lez hasiko da, 19:00etatik aurrera, eta pintxoak zein ogitartekoak izango dauz jateko. ‘Basoa’ izango dau izena, eta irailean jatetxe modura hasiko da. Aurrerago garagardaotegi moduan aritzeko asmoa dauka, oilasko erreak eskainita, jakinarazo dau Galdakaoko Udalak.

Galdakoztarrentzat “oso gune berezia” izan dan tabernea barriro zabaltzeko erabagia hartu eban Galdakaoko Udalak, eta lekua egokitzeko lanak egin dauz. Barrutik erabat aldatu dau, espazio zabal eta berezituak daukazan gune irekia prestau dau, eta, besteak beste, igogailua jarri dau irisgarria izan dadin.

Lanak eginda, tabernearen kudeaketa esleitzeko lizitazino prozesu publikoa abiatu eban Galdakaoko Udalak eta enpresa bakarra aurkeztu zan lehiara. Baldintzak beteten dauzala egiaztatuta, talde hori izango da taberna-jatetxea kudeatzeaz arduratuko dana: Global Doing SL, Galdakaoko enpresea. Urtean 30.000 euroko kanona ordainduko dabe kudeatzaileek, BEZa barne, eta esleipenak lau urterako balioa izango dau.

Udalak jarritako baldintzak jarraituta, udan zein neguan egongo da irekita taberna, eta urtarrilean itxiko da atsedenerako. Hilero gutxienez kultur ekintza bat egingo da bertan, eta euskarazko arreta bermatuta egongo da. Udalak eskubidea izango dau hiru hilean behin ekitaldi instituzional bat bertan egiteko, aurrez jakinarazita.

Azkenik, Galdakaoko Udalak galdakoztar guztiak gonbidatu dauz tabernea ikustera, mokadutxo bat hartzera eta musika emanaldiaz gozatzera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular