Testua ahots bihurtzeko aukerea 6 hizkuntzatan Elhuyarregaz

Elhuyarrek euskeraz, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez, katalanez eta galegoz ahots automatikoa erabilteko aukerea emoten dau orain
Testua ahots bihurtzeko programearen erabilerea / Elhuyar

Elhuyarrek sare neuronaletan oinarritutako ahots automatikoak (TTS) sortu eta sei hilera, barrikuntza esanguratsu bi aurkeztu dauz. Bata, testua ahots bihurtzeko aukerea 6 hizkuntzatan; bestea, testu-kutxa erabilita edozein eduki entzun ahal izatea.

Aurrerantzean, beraz, Elhuyarren hizketa-sintesiko sistema 6 hizkuntzatan erabili ahal izango da: euskera, gaztelania, frantsesa, ingelesa, katalana eta galegoa. Holan, erabiltzaileek dokumentuak zein testu solteak ahots bihurtzeko aukera zabalagoa izango dabe. Testua entzuteko aukerea eskaintzen dauan kutxa da beste funtzionalidade barria, edozein eduki gura dan ahotsarekin entzun ahal izateko kutxa. Behin ttsneuronala.elhuyar.eus webgunean sartu ezkero, TTSa probatu botoia sakatu, eta han agertuko da kutxa. Oso erraza da erabiltzen: testua idatzi, hizkuntza eta ahotsa aukeratu, eta berehala jasoko da testuaren audioa. Dokumentu bat plataformara zuzenean igonda be izango da aukerea ahots bihurtuta jasotzeko.

TTS ahotsak egiazkoak dirala pentsau arren, sare neuronaletan oinarritutako teknologiaren bidez sortutakoak dira. Hau da, ahotsen grabaketa espezifikoetatik abiatuta sortutako sistemak dira, eta adimen artifizialeko teknikak baliatuz sortzen dira sistema horiek. Elhuyarrek, gainera, bere TTS ahots propioak erabiltzaileen esku jartzeaz gain, TTS ahots pertsonalizatuak sortzeko aukerea be eskaintzen dau. Integrazinoari jagoonez, Elhuyarren TTS ahotsak edozein aplikazinotan txertatzeko prestatuta dagoz, bezeroentzat eskuragarri jarritako REST APIaren bidez.

Orairen eskutik garatu da teknologia

Testutik ahotserako bihurketa egiteko teknologia Orai adimen artifizialeko zentroan sortu dira. Ahotsaren sintesiaren ikerketa lanen aurrerapenaren erakusgarri da zerbitzu hau. Horrez gain, ikerketa-ildo hauek be lantzen dauz: genero-markarik bako hizketaren sintesia, emozinodun hizketaren sintesia eta lagin txikiak erabiliz ahotsak imitatzeko sistemak, besteak beste. NLP alorrean (Natural Language Processing) espezializauta dagoan zentroa da Orai, eta goi-mailako ikerketea eta soluzino teknologiko adimendunak eskaintzen deutsez enpresa eta erakundeei.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular