Hirugarren garaipenaren bila San Mamesen

Zurigorriek goian jarraitzeko aukerea daukie eguazten honetan Getaferen aurka irabazten badabe
Athletic Club-Getafe CF 21/22 / Athletic Club

Athleticek (4º) aste honetan izango dauan lehenengo partidua jokatuko dau eguaztenean San Mamesen. 19:00etatik aurrera, zuri-gorriek Jose Bordalasen Getafe CF (13º) izango dabe aurkari zazpigarren jardunaldian. Díaz de Merak zuzenduko dau neurketea VARean Prieto Iglesiasegaz lagunduta. Ernesto Valverdek 22 jokalari deitu dauz partidurako, eta horreen artean Nico eta Ruiz de Galarreta izango dira baja nagusiak. Athleticek dinamika onean murgilduta hartuko dau talde madrildarra, lehen jardunalditik porrota ezagutu barik, eta Cadizen eta Alavesen aurka bi garaipen jarraian lortuta. Hirugarren bat garrantzitsua izango litzateke taulako goiko postuetan jarraitzeko, orain sailkapenari begiratzea alferrikakoa izan arren. Entrenatzaileak ez dau aurreratu, aurreko ikasturtean aste barruko partiduakaz egin eban lez, baina eguaztenean San Mamesen edo zapatuan Reale Arenan, posibleena Julen Aguirrezabalak denboraldi honetan debuta egitea da Unai Simoni atseden emoteko.

Jose Bordalasen taldeak San Mames bisitatuko dau Reale Arenan 4-3 galdu eta gero. Bordalasek prentsaurrekoan azpimarratu dauanez, azken bi partiduetan 7 gol jasotetik dator taldea, baina “ondo jokatuta dator”, eta Bilbora egindako bisitan ahalik eta puntu gehien lortzeko helburuagaz. Alacanteko entrenatzaileak talde zuri-gorria goraitatzeko tartea euki dau: “Athletic oso maila altuan dago, eta futbolaren Katedralean jokatzen dogu, edozein jokalari eta entrenatzailek jokatzea gustoko dauan zelaian”. Atzera begiratuz, San Mamesen Bordalasegaz jokatutako azken partidua 5-1 izan zen 2021aren hasierean, Cucurellak 19. segunduan sartutako gola eta gero, 5 sartu zituan Marcelinoren taldeak. Getaferen aurka San Mamesen jokatutako azken bi partiduak Quique Sánchez Floresekin izan ziran, eta biak bardinketeagaz bukatu ziran, 1-1 21/22an eta 0-0 azken denporaldian.

«Puntuak batzen jarraitu gura dogu»

Ernesto Valverde pozik dago taldearen liga hasieragaz, sailkapenaz berba egiteko oraindik goiz dala jakinda. Eguazten honetan irabazteak sekulako aurrerapausoa emotea izango litzateke, eta hori da momentu honetan Ernesto Valverderentzat garrantzitsuena, puntuak batzen jarraitzea: “Hiru partidu irabazi beharko geunkez gure bide onean jarraitzeko, irabazteko ilusinoagaz goaz, goian finkatu eta puntuak batzen jarraitu gura dogu”. Aurkariari jagokonez, Getafek oso joku zehatza eta gatxa daukala azpimarratu dau: “Bi taldeentzat gatxa izango dan partidua da. Getafe aurkari gatxa da, partidu onak egiten ari da, puntuak etxean lortu dituan arren. Partidu gogorra, lehiatua eta gatxa espero dogu “. Topaketaren azken ordukoa Bizkaia Irratian eguazten honetan 18:30etatik aurera Jokoan saioan.

DEIALDIA

Athletic Club: Unai Simón, Agirrezabala, Vivian, Paredes, Yeray, Vesga, Berenguer, O. Sancet, I. Williams, Muniain, Guruzeta, Dani García, I. Lekue, Yuri, De Marcos, Imanol, Villalibre, Ander Herrera, Raúl García, Prados, Adu Ares y Unai G.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular