Yerayri ebakuntzea egingo deutse eskuin izterrean daukan lesinoa osatzeko

Nico Williamsek be lesinoa dauka ezker aldeko saihetsartean eta seguruenik ezingo dau jokatu Bartzelonaren aurka

Denporaldia ez da ondo hasi Yeray Alvarezentzat. Athleticeko atzelariari ebakuntzea egingo deutse eskoiko izterreko aduktore luzean daukan lesinoa jokatzeko. Eguaztenenean egingo deutse ebakuntzea Santurtziko San Juan de Dios klinikan eta ez dago aurreratzerik zenbat denpora beharko dauen barriro jokatzeko moduan egon arte. Edozelan be, leitekeena da jokatu ezinik egotea datorren urtera arte. Izan be, gitxienez hile bi beharko ditu lesinoa osatu eta lehiaketara itzultzeko.

Yeray Alvarezek partidu asko galdu ebazan igaz pubisean eukazan arazoen ondorioz. Barakaldokoari ebakuntzea egin eutsen eta taldekideekaz batera ekin eutson denporaldi aurreko prestaketeari. Partidu baten, baina, lesionatu egin zan eskoiko izterreko aduktorean. Hile ta erdi behar izan ebazan errekuperatzeko eta Valverde apurka apurka hasi zan taldean sartzen. Hasieratik zelairatu eban Almeriaren aurka baina minutu gitxira zelaia itxi egin behar izan eban kolpe gogorra hartuta. Handik egun gitxira klubetik jakin eragin ebenez, atzelariak hausturea eukan eskoiko izterreko aduktorean. Antza, lesinoa larria da eta ebakuntza gelara jotea erabagi dabe.

Yeray lesionatuta, Ernesto Valverdek zentral posturako jokalari bi baino ez ditu: Aitor Paredes eta Dani Vivian. Bietariko bat lesionatu edo zigortu ezkero, entrenatzaileak arazoak eukiko leukez atzealdeko erdiko postuak beteteko. Valverdek eta Athleticeko futbol zuzendariak orain arte esandakoaren arabera, Beñat Pradosek eta Peru Nolaskoainek jokatu leikie postu horretan, Yuri Berchicheren aukerea baztertu barik.

Beste alde batetik, Athleticek jakin eragin dauenez, Nico Williamsek lesinoa dauka ezkerreko saihetsartean. Ez dago aurreratzerik prest egongo dan datorren domekan Bartzelonaren aurka jokatzeko baina leitekeena da denpora gehiago behar izatea errekuperatzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular