Athletic Eibarren aurka jokatuko dau 2023/24 Kopa txapelketako final-hamaseirenetan. Kanporaketea, partida bakarrera jokatuko da, urtarrilaren 6an edo 7an. Zozketaren baldintzakaitik, finalerdietara arte, hau da, joan-etorriko finalerdietara arte, Kopako lehiak maila txikerreneko taldearen estadioan jokatzen dira beti. Kasu honetan, Ipuruan jokatuko da.
Armaginak CF Lorca Deportiva eta UD Melilla (penaltietan) kanporatzetik datoz. Orain dala hamar urte, 2012ko gabonilaren 12an, Eibarrek Athletic kanporatu eban final-hamaseirenetako lehia honetan bertan, etxetik kanpo sartutako golen balio bikotxagaitik. Orduan, partida bi jokatu ziran: 0-0 Ipuruan eta 1-1 San Mames zaharrean. Hau da bien arteko azken aurrekaria Kopa txapelketan. Sei bider jokatu dabe alkarren aurka lehiaketa horretan.
2012/13 denporaldian, desagertutako Bigarren B Mailan lehiatu zan Eibar, eta Gaizka Garitanok zuzendu eban. Hor hasi zan elitera igotzen, eta zazpi kanpaina egin ebazan lehen mailan, 2014tik 2021era. Orain Joseba Etxeberria da entrenatzailea, Jorge Perez laguntzailea eta Luis Prieto prestatzaile fisikoa. Unai Vencedor, Athleticeko jokalaria lagatuta dago Eibarren. Era berean, Ager Aketxe, Anaitz Arbilla eta Yanis Rahmani Joseba Etxeberriaren plantilako kide dira. Ganera, Ernesto Valverdek zuzentzen dauen taldeko Iñigo Ruiz de Galarreta eibartarrak bere jaioterrian jokatzeko aukera izango dau. Zalantza barik, hitzordu berezia izango da guztiontzat.
Beste alde batetik, Amorebietak Celtaren aurka jokatuko dau final hamaseirenetako kanporaketako partidua Urritxe futbol zelaian.