Joseba Madariaga Laboral Kutxako Ikerketa Departamentuko zuzendariak eta Ibon Urgoiti Negozio Garapeneko zuzendariak azpimarratu dabenez, 2023ko itxierak “hobekuntza txikia” erakusten dau, aurreko aurreikuspenekin alderatuta. Hori dala eta, 2023an BPGren hazkundea % 1,7koa izatea espero da Euskal Autonomia Erkidegoan eta Estatuan, barriz, % 2,4koa. Alde hori Espainiako ekonomiaren egitura sektorial desbardinak marketan dau, zerbitzuen sektoreak pisu handiagoa baitu industrialaren aldean, protagonista handiagoa baita EAEko eta Nafarroako ekonomian, eta ahultasun egoera pairatzen ari baita 2022tik, nahiz-ta hobekuntza bat izaten hasiko dala espero daben.
2024ko aurreikuspenak
2024an, desazelerazino txiki bat itxaroten da, aurtengoagaz alderatuta, baina ziurbakotasun oso handiagaz, batez be, egoera geopolitikoagaitik. Interes tasen igoera be aurreikusten da. Beraz, Euskadi % 1,4 haziko da, Nafarroa lez. Estadu maila, barriz, hamarren bat gehiago.
Lan-merkadua etorkizuneko gakoetako bat izango da, eta uste dabe interes-tasen bilakaera markauko dauala. Izan be, nabarmen okertzen bada, urteko lehen hiruhilekoan tasak jatsi ahal izango dira, eta, narriadura hori jazotzen ez bada, jatsiera hori urtearen bigarren erdira arte atzeratu ahal izango da. Euskadin, Laboral Kutxa erakundeak zenbatetsi dau enplegua % 1,1 haziko dala 2024an.