Sevillako finala hurrago dago

Athleticek 0-1eko emaitzeagaz menderatu dau Atletico de Madrid Metropolitanon Kopako finalaurrekoetako joaneko partiduan
Athleticeko jokalariek oso partidu serioa egin eben Atletico de Madriden zelaian / Athletic Club

Kopako txapelketako finala hurrago dago Athleticentzat. Ernesto Valverderen taldeak 0-1 menderatu dau Atletico de Madrid Metropolitanon jokatutako partiduan eta urrats garrantzitsua emon dau kanporaketea gainditzeko borrokan. Alex Berenguerrek sartu dau zuri-gorrien gola lehen zatiko hogeta bosgarren minutuan, Reinildok Beñat Pradosi egindako penalti argia baliatuta.

Indartsu ekin deutso partiduari Cholo Simeoneren taldeak. Halanda be, Athleticeko jokalariek ez dabe arazorik izan Julen Agirrezabalaren atea defendiduteko. Izan be, Atletico de Madridek ez dau ia gol aukerarik izan. Zuri-gorrien atezainak huts egindako jokaldi baten etorri jako gola sartzeko aukera bakarra etxeko taldeari, baina Aitor Paredesek ederto urrundu eban Menphis Depayk egindako jaurtiketea.

Bigarren zatian, Atletico de Madridek areagotu egin eban aurkariarekiko presinoa baina gol aukera garbirik sartu barik. Llorente eta Griezman min egiten hasi ziran hegaletatik eta Athleticek sufridu egin behar izan eban partiduaren azken txanpan. Atleticok bardinketaren gola sartzeko aukeraren bat euki eban arren, zuri-gorriek be bigarren gola sartzetik hurre ibili ziran luzapenean, Hernandez Hernandez epaileak koltxoneroen aldeko penaltia adierazo eban Yerayk falta egin eutsolako Moratari area barruan. VAReko epaileak, ostera, atzera bota eban arbitroaren ebatzia, Atletico de Madrideko aurrelaria jokoz kanpo egoalako jokaldiaren hasieran.

Kontuak kontu, Athleticek gol bateko aldeagaz ekingo deutso datorren otsailaren 29an San Mamesen jokatuko daben kanporaketako itzuliko partiduan. Ernesto Valverdek partidu amaitu osteko prentsaurrekoan esan eban lez, kanporaketea ez dago erabagita, Atletico de Madrid goi mailako aurkaria dalako. Athleticek sendotasun itzela erakutsi dau aurten San Mamesen. Ganera, ez dau Kopako partidurik galdu azken denporaldietan. Gauzak oso ondo ipini jakoz talde zuri-gorriari finalerako sailkatzeko lasterketan baina azken urratsa emotea falta jako. Zuri-gorriek apurtu egin dabe Atleticok etxeko partiduetan eukan bolada itzela aspaldiko urteetan koltxoneroen zelaian egin daben partidurik serioenagaz. Eta hori guztia, Nico Williams barik. Luze egingo jaku itzuliko partidua jokatu arteko tartea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular