Athleticek sufridutako hiru puntu eskuratu ditu Las Palmasen kontra Gran Canaria estadioan (2-3). Zuri-gorriek lehen zati ederra jokatu dabe eta nagusi izan dira zelaian zein markagailuan. Edozelan be, Mikel Jauregizarrek ikusitako txartel gorriak partidua goitik behera aldatu dau eta azkenengo jokaldira arte markagailuari eusteko ahalegina egin behar izan dau talde bizkaitarrak.
Ernesto Valverdek Iñigo Ruiz de Galarretak eta Mikel Jauregizarrek osotutako zelai erdiaren aldeko apustua egin dau hasierako hamaikakoan. Ganera, Aitor Paredes hautatu dau Dani Vivianen bikote lez zentral postuan. Athleticek denporaldiko minuturik onenak jokatu ditu partiduaren hasierako fasean, Julen Agirrezabalak geldiketa erabagigarri bikotxa egin eta gero. Zortzigarren minuturako Athletic aurretik zan markagailuan, Oihan Sancetek baloia sareetara bialdu eta gero, taldeak egindako jokaldi ederra aprobetxatuz. Lehoien bigarren gola Nico Williamsek sartu dau 30. minutuan, bere anaiaren pasea jaso ondoren. Edozelan be, atsedenaldira heldu aurretik, Las Palmasek aukera on bat euki dau, Aitor Paredesek ateko marratik ateratakoa.
Las Palmasek aldaketa bikotxa burutu dau atsedenaldian garaipenaren bila joateko asmoz. Dana dala, Athleticek partidua kontrolpean euki dau bigarren zatiko lehen minutuetan eta Iñaki Williamsek hirugarren gola sartzeko aukerea be euki dau. Mikel Jauregizarrek 56. minutuan ikusitako txartel gorri polemikoaren ondorioz, partidua guztiz aldatu da. Aitatutako jokaldiaren ondorioz jaurtitako faltan Sandrok Las Palmasen lehen gola eskuratu dau. Athleticen momenturik txarrenean, Aitor Paredesek zuri-gorrien hirugarren gola sartu dau jokaldi korapilatsu batean. Handik gitxita, Las Palmasek markagailua barriro estutu dau, Alex Muñozek sartutako golari esker. Azkenean, Athleticek sendotasun defentsiboa erakutsi dau azkenengo minutuetan eta hiru puntuak eskuratu ditu.
Maratoiaren hasierea
Gaurko partidua atzean itxita, Athleticek beste sei partidu jokatuko dauz hurrengo 21 egunetan. Ernesto Valverderen gizonak Leganesen estadioan izango dira eguenean eta Celta jasoko dabe domekan San Mamesen. Partidu horren ostean, Athleticek Erromara osterea egingo dau Europa Ligari ekiteko, etxean Sevilla jaso aurretik. Gainera, selekzinoen hurrengo etenaldia baino lehen, Athleticek AZ taldea jasoko dau Bilbon eta Gironan jokatuko dau.