Olatu ganetik jaitsi barik

Athleticek beste garaipen bat lortu dau Sadarren (1-2) eta amaiera ezin hobea emon deutso urte bikain bateri
Ruben Garcia eta Yuri Berchiche Sadarren jokatutako partiduan / Athletic Club

Athleticek amaiera ezin hobea emon deutso urte bikain bateri Osasunaren zelaian 1-2 irabazita. Ernesto Valverderen taldeak ez dau olatu ganetik jaitsi gura eta Iruñean hiru puntuak eskuratuta sailkapeneko laugarren postua sendotu dau. Athletic zaleok ez dogu sekula ahaztuko 2024 urtea. Taldeak kopa txapelketea irabazi eban berrogei urteko siketearen ostean Europarako txartela eskuratuz ganera. Denporaldi barrian Ernesto Valverdek zuzentzen dauen ekipoak beste aurrerapausu bat emon dau eta lehen itzulian ikusitakoaren arabera, inork ez deutso mugarik ipini gura, edonora heltzeko gaitasuna erakutsi dau-eta.

Partidua ez zan ondo hasi talde zuri-gorriarentzat, zelaian nagusi izan arren, ez eban-eta markagailuan aurretik jartzea lortu. Osasunak, ostera, ederto baliatu eban lehen zati osoan izandako aukera apurretako bat eta Lucas Torrok Unai Simonen atea zulatzea lortu dau area barrutik egindako jaurtiketeagaz. Aurreko jokaldian epailea ez zan fin ibili, falta adierazi eban-eta Nico Williamsen eta Kike Barjaren arteko jokaldian. Athleticeko jokalariak ez dau ikutu be egin Osasunakoa baina arbitroak falta ikusi dau. Jokaldi horretatik etorri da etxeko taldearen gola. Ganera, minutu bat lehenago, Quintero Gonzalezek ez dau penalti adierazo Osasunako atzelari batek baloia eskuagaz ikutu dauen jokaldian, aurretik Aimar Orozi Galarretak egindako faltea ikusi ebalako.

Gorka Guruzetaren eskutik etorri da zuri-gorrien erantzuna minutu gitxira. Aurrelari donostiarrak zulatu egin dau Osasunaren atea, Iñaki Williamsek eskumatik egindako erdiraketa bikaina baliatuta. Guruzetaren burukadea be itzela izan da.

Bigarren zatia ez da ondo hasi zuri-gorrientzat Oihan Sancetek zelaia itxi egin behar izan dauelako orkatilean min hartuta. Berenguer zelairatu dau Valverdek lesionatuaren lekua beteteko eta jokalari nafarraren jarduna erabakigarria izan da Athleticen garaipenean. Izan be, zuri-gorrien bigarren gola sartu dau Osasunaren atzealdea bigun ibili dan jokaldian. Hortik aurrera zuri-gorriek ez dabe arazorik izan aldeko markagailuari eusteko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00