
Athleticek garaipen erosoa lortu dau Valladoliden aurka San Mamesen, ligako 25. jardunaldian (7-1). Athletic Txapeldunen Ligarako sailkapena lortzeko burrukan murgilduta dagoan bitartean, Valladolid ligako azken sailkatua da. Mailari jagokonez, talde bien artean dagoan desbardintasuna agerian gelditu da San Mamesen, eta talde bilbotarrak lehen zatian erabagita itxi dau norgehiagoka, atsedenaldira 4-0 joan eta gero. Lortutako garaipenari esker, Athleticek 48 puntu ditu orain. Beraz, laugarren postuan gehiago egonkortu dira lehoiak.
Esan bezala, Athleticek lehen zatian bideratu dau garaipena, jaun eta jabe izan da-eta. Mikel Jauregizarrek zuri-gorrien lehen gola sartu dau 10. minutuan, areatik kanpo egindako jaurtiketa zehatz bati esker. Markagailuan aurreratu eta gero, lehoiek aukera ugari euki dabez bigarrena sartzeko. Dana dala, egondako hurrengo gola Valladolidek sartu dau, 34. minutuan, baina ez da markagailura igon Sylla jokoz kanpo egoalako. Hurrengo jokaldian, Nico Williamsek baloia sareetara bialdu dau, lauzpabost aurkari atzean itxita. 43. minutuan, Maroan Sannadik bere lehen gola sartu dau Athleticegaz eta, lau minutu beranduago, Sancetek are gehiago urrundu dau Athletic markagailuan.
Bigarren zatian, Athleticek beste hiru gol sartu ditu. Golegileak Nico Williams, Gorka Guruzeta eta Iñaki Williams izan dira, 66., 69. eta 87. minutuetan, hurrenez hurren. Dana dala, Valladolidek bere gola sartu dau aurretik, bigarren zatia hasi eta berehala. Kanpoko taldearen golegilea Sylla izan da. Ganera, Athleticek 10 jokalarien kontra jokatu dau bigarren zatian, Juricek txartel gorria ikusi daualako 56. minutuan.
Atletico Madril zeruertzean
Athleticek aurkari zuzen baten aurka jokatuko dau zapatuan. Lehoiek Atletico Madril eukiko dabe aurrean Metropolitano estadioan, gaueko 21:00etan. Momentu honetan, Atletico Madrilek bost puntuko aldea dauka sailkapenean. Edozelan be, partiduko biko astea izango da Atletico Madrilentzat. Talde madrildarrak Bartzelonaren kontra jokatuko dau martitzeanean Errege Kopan.