Europako Ligako kanporaketea aldats gora ipini jako Athletici (2-1)

Zuri-gorriak aurreratu egin dira bigarren zatiaren hasieran baina Erromak irauli egin dau markagailua bigarren gola luzapenean sartuta
Angeliño eta Iñaki Williams goleatzaile izan dira Erroma-Athetlc kanporaketaren joaneko partiduan / Athletic Club

Athletici aldats gora ipini jako Europako ligako final zortzirenetako kanporaketea Erromaren zelaian 2-1 galdu ostean. Futbola ez da justoa izan talde zuri-gorriagaz Erromako estadio olinpikoan jokatutako partiduan. Izan be, 2-1ekoak ez dau erakusten zelaian gertatutakoa. Athleticek ez dau galtzea merezidu baina azken minutuan jasotako golak abentaila emon deutso Erromari kanporaketan. Ganera, Dani Vivianek eta Yerayk ezingo dabe jokatu itzuliko partidua datorren astean San Mamesen. Arabarra lesionatu egin da eta Barakaldokoak partidu bateko zigorra bete beharko dau Erroman txartel hori bi ikusi ostean.

Lehen zati orekatu baten ostean, zuri-gorriak aurreratu egin dira markagailuan bigarren zatiaren seigarren minutuan Iñaki Williamsek sartutako golari esker. Unai Gomezek kornerra atara -aurreko jokaldian bermeotarra gola sartzeko zorian egon da- lehen zutoinean Aitor Paredesek baloia ikutu eta Williams anai zaharrak gola sartu dau buruz. Zuri-gorrien pozak ez dau askorik iraun, handik bost minutura etxeko taldeak bardinketearen gola sartu dau-eta. Italiarren jokaldia eskoiko hegaletik, erdiraketea eta Angeliñok baloia Julen Agirrezabalaren ate barrura bialdu dau eskumaz egindako jaurtiketeagaz. Hortik aurrera, Claudio Ranieriren taldeak erasora jo dau bigarren golaren bila baina Athleticek ondo eutsi deutso eta ez dau arazo handirik izan banako bardinketeari eusteko.

Partidua amaitzeko bost minuturen faltan, baina, Valverderen taldea hamar gizonegaz geratu da Yerayk aldageletarako bidea hartu behar izan dauelako bigarren txartel horia ikusi ostean. Athleticeko entrenatzaileak ezin izan dau beste atzelari bat zelairatu bost aldaketak eginda eukazalako eta Beñat Prados jarri da atzealdean Aitor Paredesen alboan. Partidua amaitzeko segunduak bakarrik geratzen zirala, azken jokaldian, Saelemaekersek pase bikaina sartu deutso Shomurodovi -jokalariak biak bigarren zatian zelairatu dauz Ranierik- eta Uzbekistaneko aurrelariak ederto amaitu dau jokaldia. Arestian esan bezala, kanporaketea aldats gora ipini jako Athletici. Halandabe, Valverderen taldeak erakutsi dau gauza dala Erromari aurre egiteko. Kontuak kontu, kanporaketea San Mamesen erabagiko da eta Athleticek gol biko aldeagaz menderatu beharko dau aurkaria. Gatxa baina ez ezinezkoa. Erroma menderatzeko ahaleginean, San Mames sutan egon behar da datorren eguenean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00