Bizkaia Irratia

Aitor Arregi, Elkano jatetxeko sukaldaria, Añanako Gatz Haraneko gatzaren enbaxadorea

Gatz Harana Fundazinoak egin dau izendapena, Añanako gatzaren aldeko bere lana autortuz

Aitor Arregi euskal sukaldari ospetsua, Getariako Elkano jatetxeko arimea, Añanako Gatz Haraneko Gatzaren enbaxadore izendatu dabe. Sari emote ekitaldian, Gesaltza Añanan garagarrilaren 17an egindako ekitaldian, Ramiro Gonzalez Arabako Diputatu Nagusia eta Añanako Gatz Harana Fundazinoko Presidentea buru zirala, eta Aitor Arregik lurraldearen balioekin, gastronomiaren bikaintasunagaz eta jasangarritasunagaz daukan konpromisoa nabarmendu eban.

Aitor Arregiren esanetan, “niretzat, Añanako gatza ez da osagai bat bakarrik. Kontakizun bat da, ezkata bakoitzean kristalizetan dan memoria likido bat. Itsasoa eta lurra da. Baita ogibide zahar baten duintasuna be, gatz-egileena, Getariako arrantzaleena bezain zaharra. Gatz hori ordezkatzea, zalantza barik, ohorea eta ardurea da”.

Aitor Arregik, Getariako Elkano jatetxearen buru izanik, familiaren ondarea eta parrilla adierazpen gastronomiko unibertsal bihurtzea lortu dau. Bere jatetxeak Michelin izar bat dauka eta The World’s 50 Best Restaurants 2025 zerrendan 24. postuan dago. Elkanoren proposamena produktua eta ingurunea errespetatzean oinarritzen da, arrantzale, artisau eta tokiko ekoizleekin harreman zuzen baten bidez. Txingarra, itsasoa eta lurraldearen ezagutza sakona dira bere ardatzak.

Añanako Gatzaren enbaxadore izenteteak ondare gastronomiko paregabe biren arteko loturea indartu egiten dau: Kantauri itsasokoa eta Gatz Haranekoa. Biak dira iraunkortasunaren, jakintzaren eta bikaintasunaren adibideak. Aitor enbaxadoreen familian sartzeak, halaber, sustraidun sukaldaritza zintzo eta konprometitua zabaltzeko eta defendiduteko egiten dauen lana aitortzen dau.

Arabako Diputatu Nagusiak, Ramiro Gonzálezek, eskerrak eman nahi izan deutsoz Aitor Arregiri “lurraldeagaz, ogibide tradizionalekin eta nazinoarteko proiekzinoagaz tokikoari balioa emoten deutson gastronomiagaz daukan konpromisoagatik”. Era berean, azpimarratu dau “Añanako gatza ez deaa gourmet produktu bat bakarrik: ingurumenarekiko eta kulturarekiko errespetuak garapen iraunkorra eta harrotasun kolektiboa zelan sortu leikezan adierazten dauen sinboloa dala”.

Holan ba, Aitorrek bat egiten dau Añanako Gatz Haraneko gatzaren enbaxadore izendatuak izan diran sukaldari handien zerrenda berezi bategaz, besteak beste, Andoni Luis Aduriz, Bittor Arginzoniz, Joanna Artieda, Eneko Atxa, Martín Berasategui, Dani García, Diego Guerrero, Edorta Lamo, Francis Paniego, Joan Roca eta Pedro Subijana. Horreek guztiek errespetu handia deutsie produktuari, lurraldeari eta milaka urteko gatz horrek irudikatzen dauen artisau bikaintasunari.

Añanako Gatz Harana Fundazinoko zuzendari-kudeatzaileak, Pablo de Oraák, gogorarazi egin dau “kanpaina honetako ekoizpena eten barik egokitzen dabilela baldintza meteorologikoetara eta, batez be, 7.500 urte baino gehiagoko historia daukan kultura-paisaia horri bizirik eusten deutsien gatz-egileen lan nekaezinera”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00