
Bermeo bere egunik esanguratsuenetako bat ospatzen dabil gaur: Madalen eguna. Egun honek izaera berezia dauka herriarentzat eta herritarrentzat, eta ohitura eta protokoloari jarraituz, Izaroko uhartea izan da eguneko protagonista nagusia. Aurten teilaren jaurtiketea ohiko ekintza huts bat baino gehiago izan da. Bermeoko alkateak, Nadia Nemeh Shomalyk itsasora bota dauan teilak Bermeotik Gazara mezua eroian, Palestinako bandereagaz batera, herri palestinarraren aldeko alkartasun-keinu lez. Antzinatik egiten danez, Izaro uhartearen parean gelditu eta itsaora teila bota dau Bermeoko alkateak. “Honaino heltzen dira Bermeoko ituginak” esaldia erabili dau Bermeoko mugak sinbolikoki adierazoteko, baina, aurten, era berean, sufrimenduaren eta injustiziaren kontrako oihua zabaldu dau mundura.
Bermeoko bandera eta ikurrina Izaro irlan
Goizean goiz giro alaia eta hunkigarria izan da Bermeon. Kankinkabara txistulari taldearen kalejireagaz hasi da Madalen eguna, eta eguerdian, Goiko plazan alkartu dan udal korporazinoa, porturantz abiatu da. Orduan hasi da itsas jaiaren momentu nagusia: Izarorako ontziratzea. Bermeoko alkateak teila itsasora jaurti baino lehen, ohikoa dan lez, Bermeoko Udalak Bermeoko bandera eta ikurrina jarri dauz Izaro uhartean. Ostean, itsasontziak Elantxoberantz joan dira eta bertan ohorezko aurreskua egin jake ordezkariei. Bermeoko udalbatzagaz batera dagoz, Mundakako eta Elantxobeko alkateak, bai eta erakunde desbardinetako ordezkariak be. Horrezaz gain, eta Bermeoko Udalak egindako zozketari esker, aurten 17 herritarrek izan dabe ontzian joateko eta Madalen Eguneko jaia hurretik bizitzeko aukerea.
Arratsaldeko 17:30ean Elantxobetik urtengo dira eta Mundakarako bidea hartuko dabe, eta bertan geldialdia egin ostean, Bermeorako bidea hartuko dabe barriro be; 19:30ak aldera iristea itxaroten da. Portutik udalbatza Goiko plazaraino joango da Betijai fanfarreagaz. Bermeoko bandera eta ikurrina altxatu ostean, aurreskuak eta zabaletakoak egingo dira. Ondoren, Betijai fanfarreagaz beherakada egingo da San Migeleko eskailerataraino.