Garaipen bategaz ekin deutso Athleticek denporaldiari (3-2)

Markagailuan eukan abantaila alperrik galdu eta gero, Robert Navarroren golak Sevillaren aurkako hiru puntuak emon deutsaz Athletici
Nico Williamsek denporaldiko lehen gola sartu dau penalti puntutik / Athletic Club

Athleticek ligako lehen hiru puntuak zorroan ditu dagoeneko. Lehoiek 3-2 irabazi dabe Sevillaren aurkako lehen jardunaldiko partidua San Mamesen, 49.134 ikusleren aurrean. Lehen zatian nagusi izan ondoren, lortutako gol biko abantaila alperrik galdu dau etxeko taldeak bigarrenean eta hirugarren gola sartu behar izan dabe zuri-gorriek garaipena lortzeko.

Aurredenporaldian jokalari garrantzitsu batzuk lesionatu arren, hasierako hamaikako leihakorra zelairatu ahal izan dau Ernesto Valverdek. Jesus Aresok debuta egin dau Athleticeko lehen taldeagaz, 2021ean Lezamatik iges egin ondoren, eta Berenguerrek Sanceten tokia hartu dau puntaerdian.

Athleticek ondo ekin deutso partiduari. Bilbotarrak golaren bila urten dira hasieratik, baina zuzentasuna falta izan jake zelaiaren azken laurdenean. Pixkanaka-pixkanaka Sevilla bedartzan egonkortu da eta aukera on bi euki ditu kontraerasoan. 36. minutuan norgehiagoka goitik behera aldatu da. Juanluk penaltia egin deutso Nico Williamsi eta anai txikiak ez dau parkatu penalti puntutik. Golaren inertziari probetxua aterata, Maroan Sannadik Athleticen bigarren gola sartu dau zazpi minutu beranduago.

Atsedenaldian bazirudien Athleticek garaipena bideratuta eukala. Ganera, bigarren zatiaren hasieran Nico Williamsek partidua erabagita ixteko aukerea euki dau, baina bere errematea langan jo dau. Denporak aurrera egin ahala, Athleticek beherakada fisiko nabarmena pairatu dau eta Sevilla talde bizkaitarraren gainetik pasa da. Lukebakiok Nerbioiko taldearen lehen gola sartu dau areatik kanpo egindako jaurtiketa baten eta Agoumek partidua bardindu dau 72. minutuan.

Norgehiagoka amaitzeko ordu laurden falta zanean, askoz gertuago egoan Sevillaren hirugarrena Athleticena baino, baina Boskovek esaten eban moduan futbola futbola da, eta Robert Navarro debutatzaileak kontraeraso bat burutzeko egindako erremateak garaipena emon deutso Athletici. Aste Nagusian murgildutako San Mamesek eztanda egin dau eta hiru puntuak etxean gelditu dira, zortzi minutuko luzapena eta gero.

Partidu bi jarraian San Mamesen

Athleticek San Mamesen jokatuko ditu aurtengo ligako lehen partidu biak. Beraz, Sevillaren aurka irabazi eta gero, zuri-gorriek Rayo jasoko dabe hurrengo astelehenean arratsaldeko 19:30etan.

Momentu aproposa da Rayori aurre egiteko. Izan be, Vallecaseko taldea Konferentzia Ligako aurretiazko fasean murgilduko da aste honetatik aurrera. Talde madrildarrak Bielorrusiako Neman aurkaria izango dau aurrean. Beraz, batek daki non eukiko dauan burua Iñigo Perezek zuzendutako taldeak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00