
Bolada txarrean sartuta dago Athletic. Zuri-gorriek galdu egin dabe Mestallan Valentziaren aurka eta hirugarren porrota kateatu dabe Alaves eta Arsenalen aurka be galdu ostean. Ganera, Valverderen taldeak ez dau golik sartu aitaturiko partiduetan. Beraz, liga hasierako argialdiaren ostean, ilunaldian sartu dira zuri-gorriak azken norgehiagoketan.
Garaipenaren bila zelairatu dira zuri-gorriak Mestallan. Valverdek ez dau errotazinorik egin eta hamaikakorik indartsuena zelairatu dau Valentziaren zelaian hiru puntuen bila. Paredes, Vivian, Jauregizar, Berenguer edota Iñaki Williamsek ez dabe atsedenik izan. Athletic jaun eta jabe izan da lehenengo zatian eta hiru gol aukera garbi euki dauz markagailuan aurreratzeko. Halandabe, Oihan Sancetek jaurtiketa biak zein Iñaki Williamsen erremateak Julen Agirrezabala aurkitu dabe sarerainoko bidean. Valentziako atezainari esker heldu da bere taldea golik jaso barik atsedenaldira.
Bigarren zatian, baina, etxeko taldeak aurrepausu bat emon dau garaipenaren bila eta igarri egin da, zuri-gorriek lehenengoan erakutsitako nagusitasuna desagertu egin da-eta. Berrogeta hamazazpigarren minutuan, epaileak txartel gorria erakutsi deutso Viviani eta erabagi horrek goitik behera baldintzatu dau partiduaren garapena. Hasiera baten arbitroak txartel horia erakutsi deutso Athleticeko atzelariari. Faltea adierazo eta minutu bira, jokaldia barriro ikustera abiatu da arbitroa eta ostean txartel gorria erakutsi deutso, faltea egin dauenean atzealdeko azken jokalaria zalakoan.
Valverdek Aymeric Laporte zelairatu dau atzealdeko hutsunea beteteko. Handik gitxira, aldaketa hirukoitza egin dau taldeari auspoa emoteko asmoagaz. Hirurogeta hamabigarren minutuan, ostera, zuri-gorriek huts nabarmena egin dabe aurkariaren korner bat defenditzeko orduan. Iñaki Williams lo geratu da lehen zutoinean eta Santamariak aurrea hartu deutso baloia sareetara bialtzeko burukada gogor bategaz. Athleticek oparitu egin dau Valentziaren lehen gola. Hortik aurrera, zuri-gorriak ahalegindu dira Julen Agirrezabalaren ate ingurura hurreratzen bardinketearen gola sartzeko asmoagaz baina ahalegin guztiak ustelak izan dira. Valverderen taldeak egindako lehen zati onenaren ostean, inork ez eban itxaroten zuri-gorriek partidua galduko ebenik.
Kontuak kontu, hirugarren porrota jarraian eta golik sartu barik. Buruari buelta askorik emoteko asti barik, Atheticek beste partidu bat jokatuko dau martitzenean San Mamesen Gironaren aurka.