
Athleticek ezinean segiduten dau Liga txapelketan. Ernesto Valverderen taldeak 1-0 galdu dau Vila-realen zelaian jokatutako partiduan bigarren zatiaren azken txanpan Moleirok sartutako golari esker. Zuri-gorriek joko bikaina egin dabe lehenengo zatian baina ez dabe asmau gol aukerak gauzatzeko orduan. Bigarrengoan, Athleticen errendimenduak beherakada nabarmena euki dau eta etxeko taldeak aurrerapausu bat emon dau garaipenaren bila. Azkenean, Marcelinoren taldearen ahaleginak saria jaso dau Moleirok sartutako golagaz. Bigarren zatian, Athleticek behin bakarrik jaurti dau aurkariaren atera. Partidua amaitzeko zazpi minuturen faltan, Alejandro Rego gazteak norgehiagoka bardintzeko aukera bikaina euki dau baina bere jaurtiketak langara joan da. Kontuak kontu, Athleticek esku hutsik urten dau Vila-realetik eta lau jardunaldi bete dauz irabazi barik, hiru partidu galduta ganera. Emaitzek oso garbi erakusten dabe Valverderen taldea ez dagoala egoera onean.
Abuztuaren hogeta hamaikan lortu eban Athleticek azken garaipena liga txapelketan. Betisen zelaian hiru puntuak eskuratu ostean, galdu egin ditu Alaves eta Valentziaren aurkako partiduak eta ez da garaipena lortzeko gauza izan Gironaren aurka San Mamesen. Tartean, ganera, Valverderen taldeak galdu egin eban Katedralean Arsenalen aurka. Gauzak holan, garaipen siketeari amaierea emoteko asmoagaz ekin deutso talde zuri-gorriak Vila-realen aurkako partiduari,
Valverdek hamaikako indartsua zelairatu dau La Ceramica estadioan eta taldea aginduten hasi da futbol zelaian. Zuri-gorriak nagusi izan dira eta aukera garbiak euki dabez aurkariaren atea zulatzeko. Halandabe, Mestallan jokatutako partiduan gertatu zan lez, Sancet, Guruzeta eta enparauak ez dira zorrotz ibili aukerak sareetaratzeko orduan, Vila-realeko atezainari meriturik kendu barik. Etxeko taldeak be bere aukerak euki ebazan Unai Simonen ate aurrean. Kontuak kontu, golik sartu barik joan dira talde biak atsedenaldira.
Bigarren zatian, Mestallan gertatu zan lez, etxeko taldeak aurrepausu bat emon dau garaipenaren bila eta zuri-gorrien errendimenduak, ostera, beherakada nabarmena euki dau. Lehen zatian alai eta zuzen jokatu dauen taldea desagertu egin da zelaitik. Azkenean, etxeko taldearen ekinak saria jaso dau partidua amaitzeko ordu lauren geratzen zanean Moleirok Unai Simonen atea zulatu dauenean aldaratze bat baliatuta. Gol horrek erabagi dau parekotasun eta lehia handiko partidua. Jokaldi solte baten izan bada be, Athleticek galdu egin dau barriro eta egia esateko, ez gagoz ohituta zuri-gorriak hain sarri galtzen ikusteaz. Ederto hasi dan norgehiagoka oso txarto amaitu da barriro be. Botilea erdi Beteta ikusi gura dauanarentzako, holan jokatuta emaitzak etorriko dira, zeguru. Erdi hutsik ikusten dauenerantzat, Athleticen boladea kezkatzen hasteko modukoa da.