
Eusko Jaurlaritzak Gazteaval programea gizarteratzeko publizidade-kanpainea aurkeztu dau. Programa horrek Euskadiko gazteen emantzipazinoa erraztuko dau, gazteek lehenengo etxebizitza eskuratu dagien. Horretarako, abal lerro bat jarriko da martxan, eta 3.000 etxebizitza mobilizatzea aurreikusten da 2029ra arte.
Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak eta Noël d´Anjou Ogasun eta Finantza sailburuak emon dabez kanpainearen zehaztasunak, programeagaz bat egin daben lau erakundeetako ordezkariakaz batera: Bankoa Abanca, CaixaBank, Kutxabank eta Laboral Kutxa. Programea abian da, eta eskaerak finantza-erakunde horreen sukurtsaletan edo euren komunikazino-kanalen bitartez egin daiteke. Erakunde horreek gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoan emoten dan hipoteka-kuotaren %70 baino gehiago osotuten dabe.
Melgosa sailburuak adierazo dauanez, “Euskadin urteak daroagu gazteen emantzipazinorako politika espezifikoak garatzen, hala nola Emantzipa programa, Gaztelagun edo zerga-kenkariak”. Azpimarratu dauanez, lehen etxebizitza erosteko abalen programa horri esker, gazteek higiezinaren balioaren %100erainoko finantzaketa izango dabe, aldez aurreko aurrezkirik izan barik eta emantzipazinoa erraztuz. Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak Euskadiko Gazteen Behatokiaren estadistikak hartu dauz oinarri, alokairua dagozan euskal gazteen %90ek etxebizitza bat jabetzan izan gura dabela adierazoz, eta “horregaitik uste dot abalen programa honegaz bide zuzenetik goazela”.
Baldintzak
Euskadin gitxienez azken bost urteetatik bitan bizi izan diran 40 urtetik beherako euskal gazteek jaso ahal izango dabe Gazteaval programea. Eskatzaile bakarra izan ezkero, diru-sarrerak ezin dira urtean 50.400 euro baino gehiagokoak izan, edo 86.400 euro baino gehiagokoak eskatzaile bi izanda. Finantziatu beharreko etxebizitzen erosketa-prezioa, gehienez, 340.000 eurokoa izan behar dau, eta lehen etxebizitza izan behar dau, edozein motatakoa edo jatorrikoa (barria, bigarren eskukoa, librea, babes publikokoa edo autosustapenekoa). Emon beharreko abalen gehieneko zenbateko osoa 144 milioi eurokoa da, eta eskaerak egiteko epea 2029ko urrian edo programaren muga agortze danean amaituko da.
Gazteaval programa barritzailea Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailaren, Ogasun eta Finantza sailaren, eta Etxebizitza eta Hiri Agenda sailaren arteko alkarlanaren emaitza da.