Jamie Carragher, 2025 One Club Men saria

Liverpool FC taldeko mitoak jasoko dau aurtongo One Club Men saria

Athleticek Jamie Carragher izendatu dau 2025eko One Club Men. Liverpooleko atzelariak Gironaren kontrako partiduan (6. jaurdunaldian) jasoko dau saria San Mamesen.

Merseysiden jaio zan 1978an eta gaztetxoa zala Liverpoolek fitxatu eban. Gaztetatik bere talentua agerikoa izan zan. 1996an bere lehen kontratu profesionala sinatu eban Anfieldeko taldeagaz eta 1996-1997an debuta egin eban, Premier Leagueko partida baten West Ham Uniteden kontra. Hurrengo denboraldian hamaikakoan postu finko bat lortu eban eta 1998-1999 denporaldian debuta egin eban Ingalaterrako selekzinoagaz.

Liverpoolegaz partidu gehien jokatu dabezan bigarren jokalaria da, Ian Callaghanen atzetik. Callaghanek 857 partidu jokatu ebazan eta Carragherrek 737. Atzetik daukaz Steven Gerrard, Ray Clemence edo Ian Rush moduko mitoak. Jokatu ebazan 17 denboraldietan, Txapeldunen Liga bat (2005), UEFA kopa bat (2001), Europako Superkopa bi (2001 eta 2005) eta beste FA Cup bi (2001 eta 2006) irabazi ebazan.

         

Ingalaterrako selekzinoan Rio Ferdinand, John Terry eta Campbell moduko jokalariegaz postu bat lortzeko borrokatu behar izan eban. Guztira, 38 aldiz jantzi eban Three Lions-en elastikoa. 2004ko Eurokopea, eta 2006ko eta 2010eko Munduko Txapelketak jokatu ebazan.

Athletic Clubek sare-sozialetan eskegitako bideoan, “One Club Men saria jasotzea ohore bat” dala dino Carragherrek. Gaineratzen dau “Txapeldunen Ligan lortutako garaipenaren ostean, one-club bat izatea nire ibilbideko arrakastarik handiena da”. Liverpool FC taldean debuta egin bezain pronto jakin eban berak One Club Men izan gura ebala.

One Club Men sarituak

2015etik Athleticek honako jokalari honei emon deutse saria: Matthew Le Tissier (Southampton FC, 2015), Paolo Maldini (AC Milan, 2016), Sepp Maier (Bayern München, 2017), Carles Puyol (FC Bartzelona, 2018), Billy McNeill (Celtic FC, 2019), Ryan Giggs (Manchester United, 2020), Ricardo Bochini (Club Atlético Independiente, 2022), João Pinto (FC Porto, 2023) eta Giuseppe Bergomi (FC Internazionale de Milan, 2024).

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00