Bajaz beteriko Athleticek St James’ Parken galdu dau (2-0)

Athleticek hiru puntu ditu soilik Txapeldunen Ligako lehen lau partiduak jokatu eta gero
Burnek eta Joelintonek sartu dabez etxeko taldearen golak / Athletic Club

Athleticek, ondo lehiatu arren, 2-0 galdu dau Newcastle taldearen St James’ Park estadioan, Txapeldunen Ligako laugarren jardunaldian. Liga fasearen erdia jokatu danean, lehoiek hiru puntu ditue bakarrik eta hogeita zazpigarren sailkatuak dira, Marseilla, Juventus eta Union Saint-Gilloise taldeekaz bardinduta. Sailkapen aukerei eusteko, partidu oso garrantzitsua jokatuko dabe zuri-gorriek Pragan Slaviaren kontra, zemendiaren 25ean; Slaviak puntu bi besterik ez ditu.

Hasierako hamaikako atipikoa zelairatu behar izan dau Ernesto Valverdek. Azken orduetan Oihan Sancet, Nico Williams eta Yuri Berchicheren bajak ezagutu eta gero, Gorka Guruzeta jokatzeko moduan ez egoala jakitera emon dau Athleticek. Jokalariak gripea eta gastroenteritisa dauka eta hoteleko gelan gelditu da. Kontuak kontu, honako jokalari honeek jokatu dabe partidua hasieratik: Unai Simon, Areso, Vivian, Paredes, Adama, Jauregizar, Rego, Berenguer, Vesga, Navarro eta Unai Gomez.

Athleticek polito ekin deutso partiduari, baina etxeko taldea eukindako lehen aukeran aurreratu da markagailuan. Trippierrek erdiraketa ederra ipini eta Burnek baloia sareetara bialdu dau buruz egindako erremate perfektu baten ostean. Dana dala, Athleticek partidua bardintzeko aukera ezinhobea euki dau jarraian, baina Adamaren errematea zutoinean jo dau. Unai Gomezek be gola sartzeko hurreraketa bi izan ditu, baina Pope atezaina fin ibili da.

Azken partiduetan gertatu bezala, Athletic ez da atera behar dan moduan atera bigarren zatira eta gola jaso dau azkar. Barnesek erosotasunez erdiratu ahal izan dau area barrutik eta Joelintonek Unai Simon gainditu dau buruz. Bigarren gola jaso eta gero, Athletic ezinean izan da. Halanda be, albiste positiboak be euki doguz norgehiagokan. Selton Sanchezek eta Asier Hierrok debuta egin eta sentsazino onak itxi dabez.

Irabazteko aukera barria

Athleticek Txapeldunen Liga albo batera itxi beharko dau orain, hilabete honetako azken astera arte. Slavia Pragaren kontrako partiduaren aurretik, zuri-gorriek norgehiagoka garrantzitsuak jokatuko dabez ligan. Esaterako, domeka eguerdian Oviedo dator San Mamesera. Athleticek aspaldian ez dau irabazten ligan eta aurkari aproposa da Asturiaskoa garaipenaren bidera itzultzeko. Oviedo sailkapeneko azken aurreko sailkatua da eta zortzi puntu besterik ez ditu. Orain dala aste batzuk, Paunovic kaleratu eta Luis Carrion entrenatzailea fitxatu eban egoerari bueltea emoteko asmoz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00