Athleticek ligako 15. jardunaldiko partidua jokatu dau gaur San Mamesen Atletico de Madriden kontra. Partidu hasieratik pasa dan eguaztenean faltan bota gendun intentsidade horregaz ikusi dogu Athletic, bai baloiagaz bai baloi barik. Baloi barik, esan beharra dago, Ernesto Valverderen taldeak askoz gorago egin dauala presinoa eta ganera, Atletico de Madriden areatik hurrago baloiak lapurtzeko ahaleginak egin dauz, baloiak berreskuratuz.
Baloiagaz joko bizia egin dau Athleticek. Abiadura emon deutso baloiari, pase zehatzakaz eta baloia hutu gitxitan mogiduz. Aurten erdiko jokalariak eta hegaleko jokalariak ondo aurkitzen diranean, eta taldeak erasora kemenaz egiten dauanean, ikusi dogu aukerak eukiten dauzala eta lehenengo zatian horrela izan da. Paretak konektau dabez, Areso eta Yuri erasora joan dira, erdiraketa zehatzak be ikusi doguz. Asmatzea faltau izan jako Athletici, baina behintzat, orokorrean nagusi izan da lehenengo zatian. Partiduak aurrera egin dauanean, Atletico de Madrid kokatzen joan da. Simeoneren taldeari lehenengo jaurtiketa egitea kostau jako, baina aukera argi bat bai euki dau atsedenaldira joan aurretik. Unai Simonek hankagaz ondo aldendu dau baloia.
Norgehiagokako albiste onen artean Oihan Sanceten bueltea azpimarratu behar dogu zigorraren ostean eta titular lez. Partiduko barririk txarrena, barriz, 32. minutuan heldu da, Aymeric Laporteren lesinoagaz. Atzelariak keinu txarra egin dau hankagaz baloia lehian egoanean eta aldaketa eskatu dau berehala. Bere ordez, Dani Vivian zelairatu da.
Bigarren zatian Athletic bardin bat ikusi dogu intentsidadeari jagokonez, azkar baloiagaz eta baloi barik gogotsu, lehenbailehen berreskuratzeko. Atletico de Madridek, baina, Koke zelairatu dau atsedenaldian eta sendoago aritu da bigarren zatiaren hasieran.
Aukerak izan dauz Athleticek bigarren zati honetan, baina argiena Oihan Sancetek euki dau. Nico Williamsek pase luzea egin deutso eta Sancetek Oblaken aurrean gora bialdu dau baloia, hondino bigarren zati erdia falta zanean. Beste aukera bat euki dau Nico Williamsek area barruan eskapan ondo egin ostean, baina oso gatxa zan erremate garbia egitea eta Oblaken eskuetan amaitu dau baloiak.
83. minutuan heldu da Atletico de Madriden aukerarik argiena bigarren zati honetan. Sorlothek buruz euki dau, baina Unai Simonek ondo gelditu deutso baloia. Jokaldi honen ostean heldu da Alex Berengueren gola.
84. minutuan izan da. Aitatutako jokaldiaren ostean azkar urten da Athletic erasora. Yurik abiaduragaz eroan dau baloia zelai erdia gurutzatu arte eta hegalera emon deutso pasea Nico Williamsi. Williamsek baloia ganean eroan dau areara sartu arte, eta erdiratu dau area ertzera. Hor agertu da Alex Berenguer, ikutu bategaz area kanpotik baloia barrura jaurtiteko, ezkerreko hankagaz.
Golak festa biztu dau San Mamesen eta zaleek gogotsu ospatu dabe. Hortik aurrera Atletico de Madrid aurrera egiten saiatu da, baina Athletic serio eta arduratsu bategaz egin dau topo partidu amaierara arte. Azkenean, 95 minutu jokatu ostean, Athletic 1, Atletico de Madrid 0.
Meritu handiko garaipena gaurkoa, baina arin itxi beharko dau atzean Athleticek, eguazten honetan (21:00etan) Txapeldunen Ligako 6. partidua jokatu beharko daualako, San Mamesen, PSGren kontra.