Athleticek Sporting Portugalen kontrako hil ala biziko partidua galdu dau San Mamesen Txapeldunen Ligako liga faseko azken jardunaldian (2-3). Talde bilbotarra birritan aurreratu da, baina Lisboako taldeak bueltea emon deutso markagailuari eta garaipena eskuratu dau luzapenean. Hemendik aurrera, ligan eta Errege Kopan zentratu beharko dira lehoiak.
Taldeak dituan lesinoak aintzat hartuta, ezusteko gitxi egon dira Ernesto Valverdek zelairatutako hasierako hamaikakoan, Alex Berenguerrek partidua aulkian hasi arren. Norgehiagoka hasi eta berehala, Oihan Sancetek Athletic aurreratu dau markagailuan egindako jaurtiketa eder bati esker. Halanda be, pozak gitxi iraun deutso talde bizkaitarrari. 11. minutuan Diomandek partidua bardindu dau korner baten egindako errematearen bitartez. Bardinketa nagusi zala, parekotasun handia ikusi dogu San Mamesen. Halanda be, Gorka Guruzetak abantaila emon deutso barriro etxeko taldeari, zutoinera bialdutako errematearen aldaratzea aprobetxatuta. Athletic aurretik joan da aldageletara.
Edozelan be, ez egoan huts egiteko tarterik. Gol batek Athletic kanpoan uzten eban eta gola heldu da, Trincaok norgehiagoka bardindu dauanean 62. minutuan. Aurretik, Oihan Sancetek aldaketa eskatu behar izan dau beste lesino batengaitik. Bardinketa jaso eta gero, garaipenaren bila joan da Athletic, baina aukera garbirik sortu barik. Azkenean, luzapena amaitzear zala, Alisson Santosek garaipena emon deutso Sporting Portugali eta Lisboako taldea lehen zortziren artean sailkatu da. Athleticek 29. postuan amaitu dau Txapeldunen Ligako liga fasea, zortzi puntu lortuta, partidu bi irabazi (Qarabag eta Atalanta), bi bardindu (Slavia Praga eta PSG) eta lau galdu eta gero (Arsenal, Borussia Dortmund, Newcastle eta Sporting Portugal).
Liga eta Errege Kopa
Denporaldian zehar lau txapelketetan murgilduta egon bada be, Superkopa eta Txapeldunen Liga amaitu dira dagoeneko Athleticentzat. Datozan hilabeteetan ligako eta Errege Kopako partiduak eukiko dabez soilik lehoiek. Athleticek Erreala jasoko dau domekan ligan eta, ostean, Mestallara osterea egingo dau eguaztenean Valentziaren kontrako Errege Kopako final-laurdenak jokatzeko.