Athleticek abenduaren 6tik ez eban lortzen garaipen bat San Mamesen. Atletico Madrilen kontra izan zan, eta 1-0 emoitzagaz, hain zuzen be. Levante jaisteko postuetan heldu da San Mamesera, 18 puntugaz, baina partidu bat gitxiagogaz, eta azkeneko sei partiduetatik garaipen bi lortu dauz, hiru bardinketa eta galdutako partidu bat, Real Madrilen kontra. Athleticek 11. postutik eta 25 puntugaz egin deutso aurre gaurko partiduari.
Partidu hasieran talde bien momentu larria igarri da. Ondo kokatuta urten dira eta akatsak saihesten ahalegindu dira, baina 18. minutuan heldu da partidua aldatu dauan jokaldia. Pase sakona Levanteren zelaian eta Iñaki Williams baloiaren atzetik urten danean, Matturrok gorputzetik heldu dau aurrelari zurigorria, azken hau lurrera jausi da eta epaileak falta adierazo dau momentuan. Azken jokalaria zan Matturro eta Alejandro Muñiz epaileak txartel gorria erakutsi deutso. Jokalari bat gitxiagogaz jokatu dau Levantek hortik aurrera, eta hurrengo minutuetan Athletic eroso bat eta Levante oso deseroso bat ikusi dogu.
29. minutuan heldu da Athleticen lehenengo gola. Iñigo Ruiz de Galarretak erdiraketa eder eta zehatz bat egin dau eta Gorka Guruzetak ondo hartu deutso aurrea defentsari eta buruz egin dau 1 eta 0ekoa.
Athleticek lortu dau bere jokoa erakustea eta holan heldu da bigarren gola. 33. minutuan Iñaki Williamsek pase aurreratua egin deutso Gorka Guruzetari eta honek ederto amaitu dau jokaldia baloia sareetara bidaliz.
Hortik aurrera eta atsedenaldira arte Athleticen bakarrizketa bat izan da, baina talde bilbotarrak ez dau lortu hirugarren gola, eta 2 eta 0 amaitu da lehenengo zatia.
Bigarren zatian partidua nahiko lasai hasi da. Levantek ez dau dana arriskatu gura izan eta Athleticek konfidantzagaz jokatu badau be, ez dau hiru zutoinen artean asmatu. 69. minutuan Nico Serranok aukera argia euki dau, baina Levanteko atezainak, Ryanek, baloia hanketatik kendu deutso.
81. minutuan heldu da ezustekoa. Unai Elgezabal jokalari bizkaitarrak txilena antzeko erremate bategaz lortu dau Levanteren gola. Partiduak erabagita emoten baeban be, 2 eta 1ekoagaz argi ikusi da hondino sufridutea tokauko zala.
86. minutuan Adama Boirok baloia errekuperau eta Selton Sanchezegaz jokatu dau. Seltonek ondo zabaldu dau baloia jokaldia jarraitzeko eta Nico Serranok ondo gurutzau dau baloia, Athleticen hirugarren gola lortzeko.
Azkeneko minutuetan Levantek aurrera egin dau eta 3 eta 2koa lortzeko gai izan da. Beste jokalari euskaldun baten bitartez heldu da Levanteren bigarren gol hau be. Jon Ander Olasagastik gol polita sartu dau areatik kanpo eta boleaz 94. minutuan.
Tentsino handiko azken minutuak bizi izan doguz San Mamesen, baina zalantza guztiekaz amaitzeko, 98. minutuan heldu da Athleticen laugarren eta azken gola. Robert Navarrok 4 eta 2koa jarri dau markagailuan.
23. jardunaldiaren ostean, Athletic 10. postuan dago 28 puntugaz. Talde zurigorriak 6 puntura dauka seigarren postua (Espanyol, 34 puntugaz) eta 6 puntura be jaisteko lehen postua (18. postuan dago Rayo Vallecano, 22 puntugaz). Rayok partidu bat gitxiago dauka, jardunaldi honetan Oviedoren kontra jokatu beharreko partidua jokatu barik geratu dalako, eguraldiagaitik.
Kopako final-erdiak
Orain Athleticek liga alde batera itxi beharko dau eta Errege Kopan ipini behar dau fokua. Reala izango dau aurkari final-erdietan. Joaneko partidua eguaztenean jokatuko da San Mamesen, eta bueltea, martiaren 4an, Anoetan.
Athleticek zeozer berezi dauka Errege Kopagaz, eta titulua hiru partidutara baino ez dago.